Bilbo
Bilboko Zorrotza auzoko Profersa enpresa behin-behinean ixtea agindu du Eusko Jaurlaritzak
EITB MEDIA
Azken bi asteotan, isuriak izan dira ongarrien lantegian, eta Ingurumen Sailak zenbait hutsune atzeman ditu. Horiek konpondu bitartean, enpresa kautelaz ixteko agindu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Zorrotza auzoko Profersa enpresa behin-behinean itxi du, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez.
Azken 15 egunetan ongarrien lantegian izandako bi isurien ondorioz, Ingurumen Sailak ikuskapenak egin eta hainbat akats atzeman ditu, ustez gertakari horietan eragin zuzena izan dutenak.
Gauzak horrela, Jaurlaritzak lantegia ixteko agindu du akatsak konpondu eta ikuskatzaileek hori horrela dela egiaztatu arte. Hori gertatuko balitz, lantegia berriro martxan jartzeko baimena izango luke.
Profersatik adierazi dutenez, pasa den ostiraletik lantegia itxita dago eta ez du jarduerarik. Enpresako iturrien esanetan, igandean erabaki zuten izandako intzidentziak aztertzeko aste honetan ateak ez zabaltzea.
Pasa den larunbatean Zorrotzako lantegitik isuritako ke laino baten ondorioz, kalera ez ateratzeko eta etxeetako ateak eta leihoak ixteko eskatu zieten larrialdi zerbitzuek inguruko bizilagunei.
Apirilaren 26an ere antzeko gertakari bat izan zen enpresa horretan.
Bizilagunek lantegia auzotik ateratzea eskatu dute orain baino lehen. Esaterako, iragan maiatzaren 2an 1.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten manifestazio batean, "Sader eta Profersa enpresak Bilboko herrigunetik" atera behar dituztela aldarrikatzeko. Izan ere, bizilagunen iritziz, langai arriskutsuekin eta ongarri kimikoekin lan egiten duten enpresa horiek arriskutsuak dira inguruko herritarrentzat.
Sader eta Profersa Bilbo erdigunetik behin betiko ateratzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek
Albistearen berri izan ondotik, Sader eta Profersa enpresak behin betiko Bilboko herrigunetik ateratzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.
Maria del Rio EH Bilduk Bilboko Udalean duen bozeramaileak adierazi duenez, lantegia behin-behinean ixteko erabakiak agerian uzten du auzotarrek behin eta berriz salatu izan duten "segurtasun falta" eta "osasun publikorako mehatxua". Gainera, gogorarazi du Profersaren lekualdaketa 2018an erabaki zuela udalbatzk, eta sei urte geroago oraindik ez dela gauzatu.
Era berean, Ana Viñals Elkarrekin Podemosek Bilboko Udalean duen bozeramaileak begi onez ikusi du itxiera. "Osasun publikoarekin ez da jolasten, eta horregatik ez gara geldituko Sader ere Bilbotik atera arte. Horrelako enpresek ezin dute herri edo hirietatik gertu egon ", azpimarratu du.