Itxi

operazioa

Tubacexek Arabiar Emirerri Batuetan duen filialaren % 49 erosi du Abu Dhabiko inbertsio funts batek

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Mubadala Investment Companyk ia 138 milioi euro ordainduko ditu Arabako enpresak han duen negozioaren erdiagatik. Konpainiaren arabera, operazioak ez dio EAEko jardunari eragingo. Are gehiago, baliteke, horri esker, inbertsioak egitea Arabako lantegietan.

Tubacexek Araban duen egoitza. Argazkia: EITB Media

Abu Dhabiko (Arabiar Emirerri Batuak) inbertsio funts batek, Mubadala Investment Companyk, akordioa egin du Tubacexekin horrek herrialde arabiarrean duen gas eta petrolioaren ekoizpen eta esplotaziorako negozioaren % 49 eros diezaion. 

Arabako tutuen fabrikatzaileak Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari ohar bidez jakinarazi dionez, inbertsio funtsak 150 milioi dolar (ia 139 milioi euro) ordainduko dizkio operazioagatik. 

Tubacexen esanetan, Arabiar Emirerri Batuetan konpainiak duen "leku estrategikoa" indartuko du operazioak. 2022an Abu Dhabiko petrolio konpainia nazionalarekin "megakontratua" izenpetu zuen Tubacexek, eta bertan lantegi bat eraikitzekotan dago, gas putzuetarako hodiak fabrikatzeko. Hain justu, Mudadala inbertsio funtsak lantegi hori altxatzeko inbertsioaren zati bat ere ordainduko du. Guztira, 90 milioi inguruko inbertsioa aurreikusi du hodigileak. 

Arabako konpainiak uste du operazio horrek taldearen gainerako lantegiak "dinamizatuko" dituela, baita EAEn dituenak ere —lantegiak dituzte Amurrion, Laudion eta Artziniegan—. Are gehiago, "baliteke inbertsio berriak egitea instalazioetan", erantsi dute oharrean. 

Hain justu, operazioak EAEn izan dezakeen ondorioez galdetuta, konpainiako iturriek nabarmendu dute ez duela eraginik izango enpresaren erabakiguneetan eta jardunean. Azaldu dutenez, erosketa gasa ateratzeko erabiltzen diren tutuei eragiten die; EAEn egiten direnak, ordea, "jatorrizko tutuak" dira, eta Arabiar Emirerri Batuetan amaituko lituzkete. 

Halako operazioek behar dituzten baimenen zain dago operazioa, Tubacexek zehaztu duenez. 

Horiek jaso bitartean, Burtsan gora egin dute Tubacexen akzioek. Saioaren irekieran % 5 igo dira, eta akzioa 3,355 euroan kokatu da.