Itxi

Lan gatazka

Bizkaiko kiroldegietan lortutako aurreakordioa baztertu du ELAk eta grebari eutsi dio

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Sektorean % 49ko ordezkaritza duen sindikatuaren arabera, LABek, UGTk eta CCOOk patronalarekin sinatu duten aurreakordioak ez du erosahalmena bermatzen eta sektorea prekarietatera kondenatzen du.

Kiroldegietako langileen mobilizazio bat Bilbon. Artxiboko argazkia: @ELABilbo

Bizkaiko kiroldegietan gehiengoa duten sindikatuek (LAB, UGT eta CCOO) lan hitzarmena berritzeko patronalarekin lorturiko aurreakordioa baztertu du ELAk, eta, horrenbestez, eutsi egin die maiatzerako eta ekainerako deituta zituen lanuzteei.

ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, LABek, UGTk eta CCOOk Cebek patronalarekin atzo sinatu zuten aurreakordioak ez du erosahalmena bermatzen eta sektorea prekarietatera kondenatzen du 2028ra arte.

Aurreakordioa sinatu duten sindikatuei aurpegiratu die mobilizazioei eta grebari "bizkarra" ematea. ELAk, sektorean % 49ko ordezkaritza duen sindikatuak, iragarri du eutsi egiten diela maiatzaren 20ko astean eta ekainean deituta dauden greba deialdiei, eta parte hartzera deitu die langileei.

Atzo LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi zuenez, lan astea 35 ordura jaistea (68 orduko jaitsiera) eta lanordu bakoitzak % 20,8ko igoera izatea adostu dute. Halaber, soldatak azken urteetako KPIra eguneratuko dira, eta bi urtero errebisioak egingo dira, igoerak azpitik baleude, erosteko ahalmena eguneratzeko.

Horrez gain, lehen aldiz gauez edota igande eta jaiegunetan lan egiteagatik konpentsazio plusak ordaintzea, ultraaktibitate mugagabea, nominen erregulazioa edota erretiro behartua jasoko ditu lan hitzarmen berriak.