SIEMENS GAMESA
Siemens Gamesak 430 lanpostu murriztuko ditu Espainiako Estatuan, langileen % 8 inguru
EITB MEDIA
Oraingoz, ez dakigu neurriak nola eragingo dion Hego Euskal Herriko langileei. Multinazionalak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuan enplegua murrizteak ez du eraginik izango lantegietan; bai, ordea, bulegoetako lanpostuetan.
Siemens Gamesak mundu mailan 4.100 lanpostu murriztea aurreikusi du, eta horietatik 430 inguru Espainiako Estatuko langileei dagozkie, hau da, energia berriztagarrien taldeko langileen % 8 inguru.
Enpresak bere langileei zabaldutako informazioaren arabera, Espainiako Estatuan enplegua murrizteak "ez die lantegiei eragingo eta bulegoetako lanpostuetan oinarrituko da". Siemens Gamesaren egoitza soziala Zamudion (Bizkaia) dago.
Hala ere, kaltetutako langileak hazkunde arloetan birkokatzeko konpromisoa hartu du zuzendaritzak, eta sindikatuekin bilera bana egin du astearte honetan Europa eta Espainia mailan. Bilera horietan azaldu duenez, Siemens Gamesaren egungo egoerak "doitze horiek eskatzen ditu".
Aldi berean, enpresak azaldu du beste lanpostu batzuk sortzea aurreikusten duela, beste arlo batzuetako negozioaren hazkundearen ondorioz, hala nola itsasoko energia eolikoa.
Siemens Gamesak 3.000 langile inguru ditu Hego Euskal Herrian Zamudion, Mungian, Asteasun, Sarrigurenen eta Arazurin dituen lantegietan.