Bankuak
BBVAk ezohiko batzarra egingo du uztailaren 5ean Sabadell erosteko eskaintzan kapital zabalkuntza onartzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gehienez 551,9 milioi eurokoa izango da zabalkuntza, eta 1.126 milioi akzioren jaulkipenarekin egin nahi dute.
BBVAk akziodunen ezohiko batzarra deitu du datorren uztailaren 5erako, Bilboko Euskalduna Jauregian. Sabadell erosteko eskaintza oldarkorrean akzioak trukatzeko beharrezko duen kapital zabalkuntza proposatuko du batzar horretan.
Gehienez 551,9 milioi eurokoa izango da zabalkuntza, eta 1.126 milioi akzioren —0,49 euroko balio nominala du bakoitzak— jaulkipenarekin egin nahi dute.
Hala, Sabadelleko akziodunen onarpen kopuruaren araberakoa izango da zabalkuntzaren behin betiko zenbatekoa. BBVAko akziodunek ez dute inolako ordainketarik egin beharko.
Kapitalaren zabalkuntza eta akzio berrien jaulkipena Sabadell erosteko eskaintza publikora doazen akziodunei soilik eragingo die, eta borondatezkoa izango da onarpena, BBVAk bilera horretako gai zerrendan jaso duenez.