Itxi

Protestak

Astelehenean errepideetara itzuliko dira traktoreak, eta Biriatu moztuko dute 24 orduz

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Merkantzien zirkulazioa etengo dute mugan, asteleheneko 10:00etatik astearteko 10:00ak arte, eta, beraz, eragin handiak espero dira trafikoan, bi noranzkoetan. Ahal izanez gero, bertatik ez ibiltzeko gomendatu dute trafiko agintariek.

Traktoreen martxa Gasteizen, martxoan. EFE.

Nekazariek protestei ekingo diete atzera astelehen honetan. Oraingoan, Estatu mailan koordinatutako ekintza egingo dute, urte hasierako traktore-martxetatik sortutako plataforma independenteek deituta eta Europar Batasunetik datozen politiketan jomuga jarrita. Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako Ataca, Bagea eta 6F nekazari taldeak ere protestara batu dira.

Deitzaileek trafikoa moztuko dute Espainiako Estatuaren eta Frantziakoaren arteko zortzi puntutan. Euskal Herrian, Biriatu izango da protestaren epizentroa, eta inguru horretan trafiko-arazo ugari sortzea aurreikusten dute.

Protesta asteleheneko 10:00etan hasiko da, mugako zortzi puntuetan aldi berean, eta 24 ordu iraungo du, astearteko 10:00ak arte, baina ez da baztertzen mobilizazioak mugagabe bihurtzea.  

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Estibaliz Olabarriren hitzetan, "egun korapilatsua izango da Gipuzkoako errepideetan, muga inguruan". Horregatik, protestan dabiltzan bitartean, Biriatu aldean joan-etorriak saihesteko gomendatu du.

Bidegi eta Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateak zirkulazioa zaintzen eta neurriak hartzen arituko dira, ahalik eta arazo gutxien sor dadin.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak trafikoaren gaineko informazioa emango du errepideetako panelen, www.trafikoa.euskadi.eus webgunearen, X sare sozialaren eta 011 telefonoaren (24 orduko arreta) bidez.

Traktoreak gaurtik hasi dira Biriatura hurbiltzen, baina "gaurkoan trafikoa oztopatzeko asmorik gabe". 

Deitzaileen arabera, nahita antolatu dituzte protesta hauek Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo diren asterako; izan ere, Europako arauak moldatzea dute helburu nekazariek. Besteak beste, inportazioko produktuen gaineko kontrol handiagoa izatea, bertako produkzioei lehentasuna ematea eta elikagaiak ekoizteko zergak murriztea lortu nahi dute mobilizazio hauekin.

"Europan sartzen diren elikagaien gaineko kontrol handiagoa" ere eskatzen dute, eta horiek behar bezala arautzea. Elikagai-katearen araudia berrituta, tokiko produktuak lehenesten dituen lege europarra aplikatzea ere nahi dute.