LEHEN SEKTOREAren protesta
Normaltasuna itzuli da Gipuzkoara, mugako blokeoa amaitu eta errepideetan kolapso historikoa izan ostean
EITB MEDIA
Unerik zailenetan 40 kilometroko auto ilarak izan dira Biriatuko mugara daramaten Gipuzkoako hiru errepide nagusietan: AP-8an, A-15ean eta N-1ean.
Astearte honetan gertatutakoa historikoa izan da Gipuzkoako errepideetan. Lehen sektoreko profesionalek traktoreekin egindako blokeoa bukatu ondoren, Gipuzkoako ipar ekialdeko errepide nagusiak kolapsatuta egon dira goizeko 10:00etatik, hau da, kamioiei pasoa ematearekin bat. A-15, AP-1 eta AP-8 errepideetan aurrekaririk gabeko ilarak sortu dira; 40 kilometroko auto ilarak zenbatu dituzte une zailenetan. Arratsaldeak aurrera egin ahala, egoera arintzen joan da eta 21:45 aldera, gutxi gorabehera, errepideak normaltasunera itzuli dira.
Egoera goizean goizetik konplikatu da. Hego eta Ipar Euskal Herriko ehunka nekazari eta abeltzain 10:00etan hasi dira AP-8an, Biriatun, traktoreekin mugaz bi aldetako zirkulazioa desblokeatzen 24 ordu eta gero.
Protesta amaieran, baina, Ipar Euskal Herritik joandako traktoreak Hendaiako irteeratik atera dira autobidetik, baina ordainlekua Biriatun izanik, Frantziako agintariek ez diete baimenik eman Hego Euskal Herrikoei Biriatutik ateratzeko, ezta erdiko hesia zabaldu eta kontrako norabidean Donostiarantz joateko ere.
Hori dela eta, traktoreek atzeraka egin behar izan dute eta muga libre utzi dutenerako ordu erdi pasa da. Bien bitartean, muga zabaltzeko zain zeuden kamioiak Biriatura iristen hasi dira, baina ezin izan dute aurrera egin eta auto ilarak luzatzen hasi dira.
Une horretatik aurrera kaosa nagusitu da Gipuzkoako errepideetan, eta orduak behar izan dira egoera bere onera itzultzeko.
Nekazariek protesta gehiago urrian
Astelehenean goizeko 10:00etan hasi ziren blokeoarekin nekazariak, sektoreko erregai eta energia zergak murrizteko eta Europako Batasunetik kanpoko elikagaiei mugak jartzeko eskatu dute. Gobernuei urrira arteko epea eman diete aldarri horiek betetzeko, baina betetzen ez badira "24 orduz baino gehiago ixteko prest" daudela ohartarazi dute.
Protestak hainbat nekazari elkartek deitu dituzte eta horiei Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako nekazarien elkarteak gehitu zaizkie; zehazki, Ataca, Bagea, Again eta Semilla eta Belarra.