OSAKIDETZA
Medikuen 1.000 txanda gera litezke udan bete gabe, Euskadiko Medikuen Sindikatuaren arabera
EITB MEDIA
Era berean, Euskadiko Medikuen Sindikatuak kritikatu du EAGko eta Larrialdietako medikuek, beren borondatez aparteko txandak egiten dituztenek, 33 euro gordin kobratuko dituztela orduko, orain arte kobratzen zenaren erdia.
Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) Osakidetzaren "itxuragabekeria" kritikatu du, udan Lehen Mailako Arretako zentroen inguruan sortutako zalapartaren ondotik; izan ere, aurten ere osasun-zentro asko itxi egingo dira udan, eta beste zenbaitetan ordutegiak murriztuko dituzte. Sindikatuaren arabera, neurri horrek ez du bermatzen uda sasoiak "herritarrei osasun-arreta ematea".
"Gure kalkuluen arabera, bete gabeko mila txanda mediko inguru izan daitezke", adierazi du sinbdikatuak ohar bidez, eta ohartarazi du Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez duela ukatu hori horrela denik. Medikuen sindikatutik gogorarazi dutenez, herritarrek zerbitzua eskatzen dutenean, "arreta medikoa" bilatzen dute, eta hori, SMEren ustez, "ezin dute beste edozein kategoriako profesionalek bete".
Testuinguru horretan, udan etor daitekeen "arazo larria onartu beharrean", sindikatutik uste dute Giza Baliabideen Zuzendaritzak erabaki duela, epai judizial bat tarteko, EAGko eta Larrialdietako langileei, "beren borondatez aparteko txandak egiteko prest daudenei, orduko 33 euro gordin ordaintzea, "orain arte egunez kobratzen zenaren erdia".
Gogora ekarri behar da erizainek aparteko orduen ordainketa diskriminatorioa zela eta epaitegietara jo zutela, eta, epaileek arrazoia eman zietela. Epai horren aurrean, Osakidetzak medikuen ordaintza jaistea ebatzi du. Sindikatuak salatu duenez,aparteko orduak egitea egiturazkoa bihurtu da, eta hori gabe ezin liteke zerbitzua bermatu.
Sendagileen Sindikatutik azpimarratu dute "egokiena eta lehentasunezkoena lan-baldintzak hobetzea dela, kontratazio-zerrendetan behar adina mediku izateko" eta gogorarazi du "kudeaketa txar horrek eta jarduteko modu horrek" ez duela bermatzen "udako hilabeteetan Osakidetzako euskal herritarrei osasun-arreta ematea".
Astelehen honetan iragarri Osakidetzak, aurreko urteetan bezala, Lehen Mailako Arretako zentroen ordutegiak egokituko dituela udari begira, eta aurten, gainera, kasu batzuetan aste honetan bertan sartuko dela neurria indarrean. 339 anbulatorioetatik heren bati eragingo dio: 72tan ordutegiak murriztuko dituzte, eta 44tan itxiera puntualak egingo dituzte.
ELA eta CCOO sindikatuek, bere aldetik, "murrizketak" salatu dituzte. ELAk salatu duenez, uda honetan "murrizketak gero eta handiagoak dira, denbora-tarte zabalagoa hartzen dute eta osasun zentro eta etengabeko arretako gune gehiagori eragiten die".