Itxi

Balantzea

Makina-Erremintaren Biurteko Azokak 67 herrialdetatik iritsitako 38.000 bisitari hartu ditu bere 32. edizioan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

BECeko zuzendari nagusi Xabier Basañez pozik agertu da aurtengoa "arrakastatsua" izan delako. "Berreskurapenerako edizioa izan zen 2022koa, eta indarberritzeko edizioa izan da aurtengoa. Sei pabiloiak bisitariz, talentuz, makinaz, erakusketariz eta berrikuntzaz bete dira", azpimarratu du.

Makina Erremintaren Biurteko Azoka

Gaur bukatuko da Makina-Erremintaren Biurteko Azokaren 32. edizioa, eta ateak itxi orduko horren balantzea egin du Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusi Xabier Basañezek. Behin-behineko datuen arabera, aurtengo azokak 67 herrialdetatik heldutako 38.000 bisitari inguru hartu dituela aurreratu du.

BECeko zuzendaria pozik agertu da 2024ko edizioa "arrakastatsua" izan delako. "Berreskurapenerako edizioa izan zen 2022koa, eta indarberritzeko edizioa izan da aurtengoa. Sei pabiloiak bisitariz, talentuz, makinaz, erakusketariz eta berrikuntzaz bete dira", azpimarratu du.

"Horregatik guztiagatik diot arrakastatsua izan dela. Espero dut, halaber, mugarri izatea, kontuan hartuta 2023an ekoizpen eta esportazio markak hautsi zirela. Nahiko nuke Biurteko Azokak 2024ak izan zuen hasiera pattalari bultzada emateko balio izatea", erantsi du.

Iragan astelehenetik, 29 herrialdetatik etorritako 1.604 enpresak beren nobedadeak, produktuak eta zerbitzuak aurkeztu dituzte Barakaldoko BECek izan ohi duen azokarik handienean. 3.716 makina eta 352 nobedade izan dira aurten, eta, besteak beste, Portugalgo, Alemaniako, Frantziako, Mexikoko, Italiako, Txinako eta Turkiako bisitariak erakarri ditu. Gainera, automozioari eta robotikari zuzendutako sektore espezifiko bat izan du estreinakoz.

Basañezen hitzetan, "Euskaditik kanpokoak" izan dira bisitarien % 46. Interes gehien piztu duten sektoreen artean, berriz, aldaketa gutxi izan dira aurtengoan, horren esanetan.

"Datorren astean emango ditugu behin betiko datuak, eta balorazio argiagoa egingo dugu orduan", esan du prentsaurrekoan.