Itxi

Greba zahar etxeetan

ELAk eta LABek beste greba egun bat deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan ekainaren 19rako

EITB MEDIA

Lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzen duen 35. greba eguna da. Langileek kalejira egingo dute goizean Gasteizko Plaza Berritik Foru Aldundira, eta arratsalderako manifestazioa antolatu dute 18:30ean Bilbo plazatik abiatuta. Besteak beste negoziazioan aurrepausorik ez dagoela salatu nahi dute.

Zaharren egoitza. Artxiboko argazkia: EFE

ELA eta LAB sindikatuek beste greba egun bat deitu dute ekainaren 19rako Arabako zahar egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, negoziazioan egindako aurrerapen urriak salatzeko. Honekin, 35. greba eguna dute, sektorerako lehen hitzarmen probintzialaren aldeko borroka hasi zenetik.

Bi sindikatuek ohar bateratu batean adierazi dutenez, greba egun honen arrazoi nagusietako bat da "joan den ekainaren 3ko negoziazio mahai hutsala"; izan ere, oharrean gogoratu dute mahai hori ELA eta LABek eskatuta deitu zela, eta "ez zutela inolako aurrerapenik ekarri negoziazioan".

Nabarmendu dutenez, sindikatuak prest agertu dira sektoreko "1.000 langile baino gehiagoren lan baldintza eskasak hobetuko dituen akordio bat lortzeko", baina gutxieneko batzuk bete behar direla uste dute. "Ez da gauza bera gertatzen mahaiaren beste aldean", esan dute, Patronalari eta Arabako Foru Aldundiari erreferentzia eginez, uste baitute ez dutela urratsik egiten, "beren erantzukizuna denean erabat".

Egoera horren aurrean beste greba egun bat deitu dute, ekainaren 19rako. Goizeko 11:00etan "kalejira aldarrikatzailea" egingo dute, Gasteizko Plaza Berritik
abiatu eta Aldundiaren plazan amaituko dena, eta, ondoren, arratsaldean, manifestazio nagusia egingo da arratsaldeko 18:30ean Bilbao plazatik abiatuta.