Itxi

Mahai sektorialaren bilera

Osakidetzak aparteko orduen ordainsaria handituko die etengabeko arretako eta larrialdietako erizainei

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Proposamena SATSE erizainen sindikatuak bakarrik onartu du. Bestalde, ELAk, LABek eta CCOOk kritikatu dute Osakidetzak langile falta konpontzeko egitasmorik gabe jarraitzen duela. Salatu dutenez, zuzendaritzak proposatzen duen neurri bakarra aparteko ordu gehiago egitea da.

Osakidetzako osasun zentro bateko ordutegia. Irudia: LAB

Osakidetzak eta Satse sindikatuak adostu dute etengabeko arretako eta larrialdietako erizainei aparteko orduen lansaria areagotzea, ez, ordea, medikuei. Helburua, udako osasun langile gabeziari aurre egitea da.

Onartutako neurriaren helburua da Osakidetza 2018ko prezioak ordaintzera behartzen zuen epaia betetzea, 2023ko instrukzioan eguneratutakoaren arabera ordaindu beharrean. Neurri horrek % 29ko igoera dakar orain arte ordaintzen ari den zenbatekoarekin alderatuta, eta 1.200.000 euro inguruko kostua.

Osasun Sailetik zehaztu dutenez, Osakidetzak egokitzat jo du gaur lortutako akordioa, baina azpimarratu dute autokontzertazioa "irtenbide puntuala" dela "langileen beharrak asetzeko, bereziki orain udan, oporren ondorioz profesionalen plantilla murrizten denean", eta lehentasuna "kontrataziora jotzea dela, eta ez aparteko orduak ordaintzea".

ELAk, LABek eta CCOOk kritikatu dute Osakidetzak langile falta konpontzeko egitasmorik gabe jarraitzen duela

Osakidetzak eta sindikatuek mahai sektorialaren beste bilera bat egin dute gaur, eta, horren ostean, ELAk, LABek eta CCOOk bat egin dute Eusko Jaurlaritzak langile faltari aurre egiteko egitasmorik gabe jarraitzen duela kritikatzean. Zuzendaritzak proposatzen duen konponbide bakarra aparteko ordu gehiago egitea dela salatu dute sindikatuek.

Osakidetzako zuzendaritzak gaurko hitzorduan planteatu du etengabeko arreta-guneetako eta larrialdietako medikuek eta erizainek aparteko orduak egitea, baina sindikatuek proposamena baztertu dute.

ELAk salatu du Osakidetza duela lau urte baino okerrago dagoela gaur egun, beharginen belaunaldi erreleboari eta profesional batzuen (bereziki fakultatiboen) eskasiari aurre egiteko planik gabe.

"Osakidetzak ez du inolako egitasmorik. Plan bakarra sistemak eta herritarrek datozen urteetan ahal duten moduan eustea da, sisteman erreleboa modu naturalean burutu arte. Funtzioen utzikeria garbi baten aurrean gaude", kritikatu du ELAk.

Ildo beretik, LABek uste du Osakidetzako zuzendaritzak berriro ere saihestu egin duela langileen defizitari irtenbideak proposatzea aparteko orduak egiteaz gain, eta horrek "egoera kaotiko bati berriro adabakiak jartzea dakar, urteetan bere betebeharrak alde batera utzita".

"Zuzendaritzak epe laburreko neurriak planteatzen ditu berriro, urtez urte kaosa handiagoa izatea eragiten duten neurri berberak. Autokontzertazioa, aparteko orduak eta deribazioak/pribatizazioak dira zuzendaritzak proposatzen dituen neurri bakarrak, beste urte batez egiturazko arazo larriei aurre egin barik", azpimarratu du LABek.

Azkenik, CCOOk ere uste du Osakidetzak "adabakiak betikotzen" dituela, "langileen egiturazko gabeziari heldu beharrean".

Sindikatuak gogorarazi du autokontzertazioa deritzona, besterik gabe, aparteko orduaren prezioa ezartzea dela, beharginek beren lanaldian ezarritakoak baino ordu gehiago egin ditzaten. "Autokontzertazioa ez da aparteko orduak murrizteko neurri bat bezala erabiltzen Osakidetzaren eskutik, baizik eta langileak horiek egitera bultzatzeko".