Itxi

Inflazioa

KPIa % 3,9ra igo da maiatzean EAEn, eta % 3,5era Nafarroan

A. Aramendi Elduaien | EiTB Media

Leer en Castellano

Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 3,6an kokatu da, hiru hamarren gora eginda. Bestalde, azpiko inflazioak ere gora egin du pixka bat, eta % 3,0an dago orain.

Urte arteko KPIaren bilakaera. Grafikoa: EiTB Media

Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) hiru hamarren egin du gora maiatzean, urte arteko % 3,9ra arte, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Nafarroan, bestalde, igoera nabarmenagoa izan da, sei hamarrenekoa, eta % 3,5ean kokatu da, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostegun honetan emandako datuen arabera.

2023a hasi zenetik, prezioak % 2,7 igo dira EAEn eta % 1,9 Nafarroan.

Lurralde historikoen arabera begiratuta, urte arteko KPIa % 4ra iritsi da Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Araban, berriz, % 3,6an geratu da. Aurreko hilabetearen aldean, prezioak gehien igo diren lurraldea Araba izan da, % 0,8. Bizkaian % 0,5 igo dira eta Gipuzkoan % 0,4.

Estatu osokoa kontuan hartuta, urte arteko tasa % 3,6koa izan da, aurreko hilean baino hiru hamarren gehiago. Azpiko inflazioaren tasak (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituenak) ere gora egin du eta % 3,0an gelditu da.

Urte arteko inflazioaren goranzko bilakaera, elektrizitatearen eta erregaien prezioaren garestitzeak eragin du batik bat.

Elektrizitatea garestitu egin da hilabete honetan, iazko maiatzarekin alderatuta. Erregaien kasuan, prezioak jaitsi egin dira 2024ko maiatzean; hala ere, jaitsiera hori 2023ko hilabete berekoa baino txikiagoa izan da.

Elikagaiei eta alkoholik gabeko edariei dagokienez, urte arteko tasak gora egin du berriro maiatzean EAEn, eta % 5,6an kokatu da, apirileko % 5,4aren aldean. Nafarroan, aldiz, aurreko hilabeteetan bezala, % 4,5ean mantendu da. Estatuan, oro har, hiru hamarren jaitsi da, % 4,4ra arte.

Albisteak (1)