Europako Auzitegiaren epaia
Biurrunek uste du Europako Justiziaren epaiak "urrundu" egin duela interinoak finko bihurtzeko aukera
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren presidenteak azaldu duenez, ebazpenak dio finko bihurtzeko aukera ezin dela "estatuko zuzenbidearen interpretazioaren aurkakoa" izan. Hala, horren ustez, epaia interinoen interesen kontrakoa da.
Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren presidenteak uste du Europako Justiziak atzo interinoen harira emandako epaiak "urrundu" egin du langile publiko horiek finko bihurtzeko aukera.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan, EHUn irakasle ere badenak epaiaren inguruko argibideak eman ditu, prentsan azaldutako titular eta interpretazio okerrak zehazte aldera. Azaldu duenez, Europako Auzitegiak ebatzi duena da beharginok finko bihurtzeko irtenbidea "aukera egokia" izan daitekeela, baina ez du esan hori denik bide bakarra.
Are gehiago, Biurrunen iritzian, epaiak ateak irekitzen dizkio "etorkizunean finko bihurtzeko aukera baztertzeari, orain arte jasota ez zuen esaldi bat erantsi duelako: langileok finko bihurtuko dira betiere estatuko zuzenbidearen interpretazioaren aurkakoa ez bada".
Epaileak gogorarazi duenez, Espainiako zuzenbidea behargin mugagabe ez-finkoak automatikoki, azterketarik egin gabe, finko bihurtzearen kontra azaldu da hasieratik, halako prozesu batek aukera berdintasuna urratzen duela ulertuta. Hain justu, Gorenak galdea egina du Luxenburgon, eta aurretiazko bi auzi ditu ebazteke. "Uste dut Europako Auzitegia bere erantzuna aurreratzen ari dela, eta, nire iritzian, atzoko epaia zaplazteko bat da", erantsi du.
Europako Justiziak aurretiazko bi galdera horiek noiz erantzungo dituen galdetuta, Biurrenek esan du urgentziaz izapidetzen badira urtea amaitu baino lehen kaleratuko dituela ebazpenak, baina bide arrunta eginez gero, urtebete luze igaro daitekeela.