Enpresak
"Hazkundearen bideari" eustea eta "merkatu berrietara" zabaltzea du asmo CAFek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Akziodunen batzar nagusia egin du CAFek Beasainen. Bertan nabarmendu dute konpainiak diseinatutako bide orria bete dutela, eta aurrera begira "baikor" agertu dira.
CAFeko kontseilari ordezkari Javier Martinez Ojinagak nabarmendu du, testuinguru geopolitikoa eta makroekomikoa gorabehera, konpainiak urte hasieran diseinatutako bide orria bete zuela iaz, eta 2024ari begira ere "baikor" daudela, "hazkundearen bideari" eustea baitute asmo.
Era berean, enpresak duen "sendotasun finantzarioa" goretsi du, akziodunekin konpromisoak betetzen laguntzen diolako. Horiek horrela, zenbait arlo eta produktutan merkatu berrietara zabaltzeko apustua egin du, merkatu estrategikoetan presentzia handitze aldera.
"Eraldaketa mundu batean lehiatzea egokitu zaigu, geopolitikak eragin zuzena duen mundu batean, errealitate multipolar batera zuzendutako bide batean, zeinetan aldaketa teknologikoek konfigurazio berri bat ekarriko duten industria askotan", ohartarazi du.
Akziodunen batzar nagusia egin du CAFek gaur Beasainen. Bertan, Andres Arizkorreta presidenteak 2023ko emaitzak aztertu, eta aurtengo lehentasunak zehaztu ditu.
2023ko datu ekonomikoek, zentzu guztietan, eboluzio oso positiboa erakusten dutela adierazi ostean, azpimarratu du salmentak "nabarmen" hazi direla, bai trenetan eta baita autobusetan ere. Guztira 3.825 milioi euroko salmentak izan zituzten iaz, 2022an baino % 21 gehiago.
Protesta egin dute CAFek Jerusalemgo tren proiektua geldi dezan
Ehun bat lagunek protesta egin dute gaur Beasainen CAFek duen egoitzaren aurrean, Amnistia Internazionalak eta beste talde batzuek deituta. Hain zuzen ere, Jerusalemgo tren proiektua gelditzeko eskatu diote CAFi protesta horretan.