Itxi

Garraio publikoan deskontuak

Gazteentzako % 90erainoko deskontuak tren eta autobus txarteletan uda honetan

EITB MEDIA

18 eta 30 urte bitarteko gazteek gaurtik eska dezakete tren eta autobusetan beherapenak izateko kodea Garraio eta Mugikortasun Ministerioaren webgunean. Deskontuek uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko bidaia-txarteletarako balioko dute.

EITB MEDIA

Bueltan da, bigarren urtez jarraian, "Verano Joven 2024" edo "uda gaztea" programa. Aurten ere, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek % 90erainoko beherapenak izango dituzte udan tren eta autobusean bidaiatu ahal izateko. Gaurtik, ekainak 17tik, kodea eska daiteke Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioaren webgunean erregistratuta.

Deskontuak aplikatuko dira 2024ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean bidaia-data duten txartelen salneurrietan, eta uztailaren 1ean ekingo zaio txartelen salmentari. Nolanahi ere, ezingo da atzeraeraginezko deskonturik egin.

Kodeak, uda sasoi osorako eta programan sartutako garraiobide guztietarako baliko du eta NAN edo AIZ zenbakia eta karaktere multzo bat izango ditu, eta erabiltzaileek emandako mugikorrera edo posta elektronikora bidaliko da.

Deskontu motak

Beherapenak treneko eta autobuseko txarteletan aplikatuko dira, eta zerbitzu motaren, ibilbidearen eta enpresaren araberakoa izango da. Adibidez, deskontuak % 90etik gorakoak izango dira ohiko distantzia ertaineko trenetan eta Espainiako Estatuaren eskumenekoak diren autobus bidaietan. Beherapenak % 50etik gorakoak izango dira, berriz, Avant eta abiadura handiko trenetan edo Interrail Global Malguetan ere.

Deskontu horiek ez dituzte bestelako gastuak ordainduko, alegia, ez du balioko tasa, ekipaje edo zerbitzu osagarrientzako, eta bidaia ezeztatuz gero, erabiltzaileek dagozkien gastuak bere gain hartu beharko ditu.

Zer egin behar da?

Beherapen horiez gozatu nahi duen orok Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioaren webgunean erregistratu beharko du, NAN, AIZ edo pasaportearekin. Baldintzak betetzen badira, onuradunak kode pertsonal bat jasoko du mugikorrean edo posta elektronikoan, berak aukeratutako bidean, hain zuzen ere, eta programan parte hartu duten tren eta autobus txartel guztietan izango ditu beherapenak udan zehar.

Erreserba gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da, baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Isunak

Txartel edo beherapen horiek behar bezala erabiltzen ez duenak isuna jaso dezake, 200 eurorainokoa, edo neurriaren onuradun izaten jarraitzeko gaitasuna bertan behera gera daiteke. 750 eurorainoko isunak jarri ahal izango dira trenbideko garraioaren kasuan, eta 200 eurorainokoak autobusaren kasuan, kodearen onuraduna bidaiariarekin bat ez badator; ministerioak, berriz, kodea kendu ahal izango die sei erabilera oker baino gehiago pilatzen dituzten erabiltzaileei.

Uda Gaztea Programaren helburua gazteen artean uda sasoian garraiobide seguruagoa, fidagarriagoa, erosoagoa, ekonomikoagoa eta iraunkorragoa sustatzea da. Horrez gain, gazteen ikaskuntza eta independentzia sustatzea du jomuga, baita harreman pertsonalak eta europar sentimendua indartzen laguntzea ere.