Itxi

LANA

Gizarte Segurantzan afiliatutako atzerritar kopurua % 2,29 hazi da EAEn eta % 2,98 Nafarroan, maiatzean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hazkundea nabarmenagoa da 2023ko maiatzarekin alderatuz gero: % 7,53 eta % 5,95 igo baita, hurrenez hurren. EAEn, aipagarria da atzerritarrek ostalaritzan duten presentzia (% 18,47); Nafarroan, manufaktura industriak kanpoan jaiotako langileen % 20,60 biltzen ditu erregimen orokorraren baitan.

Langile atzerritar bat, fruta denda batean. Argazkia: Inklusio Ministerioa

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2.140 atzerritar gehiago zenbatu dira Gizarte Segurantzan afiliatuta, maiatzean (guztira, 95.570). Aurreko hilabetean baino % 2,29 dira. Nafarroan are gehiago hazi da kotizatzen duten atzerritarren kopurua, % 2,98, eta hilaren amaieran 37.471 ziren afiliatuak. 

Espainiako Gobernuaren Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak gaur eman ditu maiatzeko afiliazio datuak. Atzerritar gehienak (% 83,62 EAEn, eta % 84,77, Nafarroan) erregimen orokorrean daude, eta, horrenbestez, % 15 pasatxo autonomoak dira. EAEn, aipagarria da ostalaritzan (% 18,47) edo Etxeko Sistema Berezian (% 14,44) duten presentzia. Foru Erkidegoan, aldiz, nabarmenagoa da manufaktura industrian (% 20,60) duten presentzia –ostalaritzan % 11 dira, eta etxeko lanetan, % 8,65). 

Lurraldeka, atzerritar afiliatuen hazkunde handiena Araban izan zen, % 5,89rekin. Ondoren dago Nafarroa (aipatutako % 2,98). Bizkaian eta Gipuzkoan % 1,55ekoa izan da igoera. 

Aurreko urteko epe berarekin alderatuta, igoera are handiago izan da, 2023ko maiatzean baino % 7,53 atzerritar gehiago zeudelako afiliatuta. Nafarroan ere, portzentajea txikiagoa bada ere (% 5,95) hilabete arteko igoera baino handiagoa da urte artekoa. 

Espainiako Estatuan, 77.912 afiliatu atzerritar gehiago zenbatu dira maiatzean, ia 2,9 milioiren langa erdietsita. Atzerritarrak enplegatu guztien % 13,5 dira, horrenbestez.