Itxi

Lan gatazka

Enpresak eta batzordeak aurreakordioa lortu dute Bilbobusen; langileek bihar bozkatuko dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aurreakordioa Bilbobuseko langileen batzarrak eta Bilboko Udalak berretsi beharko dute. ELA sindikatuak enpresaren eskaintza gaitzetsi eta grebarekin jarraitzearen alde egin du.

Bilbobuseko langileen mobilizazioa. Irudia: EITB MEDIA.

Biobideko zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak aurreakordioa lortu dute Bilbobuseko langileek apirilaren 9tik duten greba mugagabearekin amaitzeko.

Biobidek azaldu duenez, azken negozazio bileran, hainbat eskaintza eta kontraeskaintza egin ondoren, azkenean onartu egin du sindikatuek egindako azken proposamena. Gehiengo sindikalez lortuta, Bilbobuseko langileen batzarrak eta Bilboko Udalak berretsi beharko dute aurreakordioa.

Sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez, aurreakordioa asteazken honetan bozkatuko dute langileek, goizez eta arratsaldez.

ELAren erantzuna

ELA sindikatuak Bilbobuseko zerbitzuaren enpresa emakidadunak egindako azken eskaintza gaitzetsi du, "erosahalmena eta KPI ez bermatzeagatik", besteak beste, eta greba mugagabearekin jarraitzea defendatu du.

Ohar batean, ELAk deitoratu du Bilbobus kudeatzen duen enpresak "berriro ere langileen arazoari heltzeko borondaterik erakusten ez duela".

Sindikatuak adierazi du plantillari planteamendu horren aurka bozkatzeko eskatuko diola, eta mobilizazioekin jarraituko dutela "KPIren soldata-igoerak lortzeko, lanaldi partzialeko kontratazioarekin amaitzeko eta murriztutako eskubideak berreskuratzeko".