Itxi

LAN-GATAZKA

Bilbobuseko langileek gaur bozkatuko dute Biobide enpresak eta enpresa-batzordeak adostutako aurreakordioa

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Atzo arratsaldean itxitako aurreakordioa Bilbobuseko langileen batzarrak eta Bilboko Udalak berretsi beharko dute. ELA eta LAB sindikatuek ez dute ontzat eman itundutakoa eta kontra bozkatzeko eskatu diete langileei.

Bilbobuseko langileen mobilizazioa. Irudia: EITB MEDIA.

Biobide enpresako zuzendaritzak eta Bilbobusen enpresa-batzordeak aurreakordioa, lan-gatazkari amaiera emateko. Hainbat hilabetetako mobilizazioen ondoren, apirilaren 9tik greba mugagabean daude langileak.

Enpresak azaldu duenez, azken negoziazio-bileran, hainbat eskaintza eta kontraeskaintza egin ondoren, azkenean onartu egin dute sindikatuek egindako azken proposamena. Orain, langileen batzarrak eta Bilboko Udalak berretsi beharko dute aurreakordioa. Gaur egingo da bozketa, goizez eta arratsaldez. CCOO, UGT eta USO sindikatuek dute gehiengoa.

ELA eta LAB kontra

Aurreakordioak ez duela langileen erosahalmena bermatzen uste dute ELA eta LAB sindikatuek, eta ez dute ontzat eman adostutakoa. Hala, gaurko bozketan, kontra bozkatzeko eskatu diete langileei. Greba mugagabearekin jarraitzearen alde egin dute bi zentralok.

ELAren arabera, Bilbobus kudeatzen duen enpresak "berriro ere langileen arazoari heltzeko borondaterik ez duela erakutsi du".

Sindikatuak adierazi du plantillari planteamendu horren aurka bozkatzeko eskatuko diola, eta mobilizazioekin jarraituko dutela "KPIren soldata-igoerak lortzeko, lanaldi partzialeko kontratazioarekin amaitzeko eta murriztutako eskubideak berreskuratzeko".

Ildo beretik mintzatu da LAB ere. Langileek azken urteotan galdutako erosahalmena ez dela berreskuratuko akordio honekin uste du sindikatu abertzaleak, eta enpresak mahai gainean jarritako azken proposamenarekin alderatuta aurrerapauso gutxi ikusten ditu.

Adostutako neurriak

Aurreakordioaren arabera, Bilbobuseko 600 langile ingururen soldata-igoera funtzio publikoan aplikatzen denaren parekoa izango da. CCOOko iturriek esan dute 2022rako eta 2023rako funtzio publikoaren soldata-igoera gehi % 4 hitzartu dela. 2024, 2025 eta 2026 urteetako soldata igoerak ere, sektore publikoan adostutakoak izatea jaso dute akordioan.

Egoera zaurgarrienean dauden langileen egoera hobetzeko neurriak ere adostu zituzten aldeek. Besteak beste, % 62ko lanaldia zuten langileek lanaldi osora igarotzea, eta "horien hutsunea" behin-behineko langileek betetzea.

Aurreakordioak aurrera egingo balu, greba mugagabea bertan behera geratuko litzateke.