Itxi

Lana

CAFek antzinatasuna ordaindu beharko die langile guztiei

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Enpresa Batzordeak auzitara eraman zuen lantegia, tituludunei bost urteko antzinatasuna ordaintzeari uko egiteagatik. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke.

EAEko Auzitegi Nagusiak Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresa langile guztiei antzinatasun-plusa ordaintzera zigortu du.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuen ekimenez, Beasaingo lantegiko Enpresa Batzordeak CAF auzitara eraman zuen Donostiako Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegian, tituludunei bosturtekoak ordaintzeari uko egiteagatik, "enpresa-hitzarmenean onartuta egon arren eta langileen kolektiboak hala kobratu arren, kolektiboen arteko ordainketan diskriminazioa sortuz".

Epaiketa Gipuzkoako hiriburuan egin zen azaroaren 17an. Une horretan, CAFen Batzordeak aurkeztutako demanda ezetsi egin zen, baina honek epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu baitzuen EAEko Auzitegi Nagusian.

Orain, ELAk, CCOOk eta LABek jarritako errekurtsoak onartu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak, eta CAF enpresa tituludunei antzinatasun-plusa ordaintzera zigortu du. Hala ere, epaia errekurritu egin daiteke Auzitegi Gorenean.

ELA sindikatuak dei egin die CAFeko tituludunen kolektibo osoari "beren eskubideak aldarrikatzeko eta lortzeko borrokan jarraitzeko". Epai horrekin "borroka sindikala dela langile guztien lan-baldintzak hobetzeko bidea, edozein kolektibotakoak direla ere", adierazi dute.