Langabezia
Langabezia % 0,94 igo da Euskadin eta % 0,86 jaitsi da Nafarroan ekainean
eitb media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) datuei dagokienez, afiliazioan "gutxieneko hazkundea" lortu dela nabarmendu du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Bestalde, Nafarroak langabezia murrizten jarraitzen duela azpimarratu du Eskubide Sozial, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilariak.
Langabezia % 0,94 igo Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 0,86 jaitsi da Nafarroan ekainean, aurreko urtearekin alderatuta, Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak astearte honetan jakitera eman duen arabera.
Euskadin, 16.819 pertsona gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan, 2023ko ekainarekin alderatuta, hau da, % 1,68ko hazkundea izan da. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, guztietan hazi da afiliazioa: % 2,06 Araban (3.398 gehiago), % 1,75 Bizkaian (8.783 gehiago), eta % 1,38 Gipuzkoan (4.677 gehiago).
Guztira 1.019.773 kotizatzaile zenbatu dira, eta ekainekoarekin batera bost hilabetez jarraian igo da kopurua. Dena dela, oraingoan arinagoa da hazkundea, urtarrilean 9.756 kotizatzaile galdu ondoren. Gogoan izan behar da hilabete horrek datu txarrak utzi ohi dituela enpleguarentzat, Gabonen amaieraren ondorioz.
Euskadiko afiliatu guztietatik 848.369 erregimen orokorrean inskribatuta daude, 167.274 autonomoak dira, 27.860 etxean lan egiten dute, 4.130 itsasoan eta 2.509 nekazaritza-sektorean.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioak
Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, Euskadiko lan-merkatuak aktibo jarraitzen du, hilez hileko hazkunde-erritmo positiboarekin, eta, aldi berean, ezarritako aurreikuspenak betetzen ari dira. "Gutxieneko hazkundea lortu da afiliazioan", adierazi du. "Kalitatezko enplegua bermatzeko bidean gaude, egonkortasun, produktibitate, soldata duin eta lanaldi justuarekin", esan du Torresek.
Bestalde, Nafarroan, langabezia 253 pertsonatan jaitsi da, 2023ko ekainean baino % 0,86 gutxiago, eta, beraz, guztira 29.012 langabe daude. Ekainean 767 langabe gutxiago zenbatu dira, aurreko hilean baino % 2,58 gutxiago.
Foru Erkidegoan 311.346 kotizatzaile zenbatu dira guztira, aurreko hilabetearekin alderatuta 83 afiliatu gehiagok izena eman ondoren (% 0,03ko igoera). Urte arteko hazkundeari dagokionez, 5.787 afiliatu gehiago zenbatu dira. Hala, % 1,89ko hazkundea izan da 2023ko hil beraren aldean.
Emakumeen artean hazi da bereziki afiliazioa Nafarroan, gaur egun 144.877 baitira, guztizkoaren % 46,5. Gazteen enpleguaren hazkundea ere batez bestekoa baino handiagoa izan da, eta, egun, enplegatuen % 15,2k 30 urte baino gutxiago ditu (guztira 47.391 afiliazio).
Carmen Maeztu Eskubide Sozial, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilariak nabarmendu duenez, "Nafarroak langabezia murrizten eta enplegua sortzen jarraitzen du, aurretik inoiz ezagutu ez diren zifrak lortu arte. Nolanahi ere, azken urteetako joera positiboari jarraiki lortu dira datu horiek egonkortzea".
Ekainean, kontratu mugagabea duten 184.044 afiliazio gehiago zenbatu dira Foru Erkidegoan; horietatik 142.271 lanaldi osokoak dira, 31.511 lanaldi partzialekoak eta 10.262 aldizkako finkoak. Horrela, kontratu mugagabea duten 36.992 afiliazio gehiago zenbatu dira 2021eko ekainetik (% 25,2ko hazkundea), lan-erreforma ezarri aurretik.
Jarduera-sektoreei dagokienez, afiliazio berri guztietatik gehienak (% 33) manufaktura-industriakoak dira, 1.840 afiliatu gehiagorekin. Ondoren, 1.109 afiliazio berri daude Administrazio Publikoan, 790 osasungintzan eta gizarte-zerbitzuetan, 536 ostalaritzan, 450 eraikuntzan, 408 administrazio-jardueretan eta zerbitzu osagarrietan eta 408 nekazaritza-erregimen berezian.
Espainian, oro har, Gizarte Segurantzak marka berria lortu zuen ekainean, 21.392.889 afiliaturekin batez beste, aurreko hilean baino 71.095 gehiago, ostalaritzaren eta merkataritzaren bultzadari esker.
Pablo Martin Confebaskeko arduradunak azpimarratu du ekaina hilabete positiboa izan dela, baina ez nahi adina. Nolanahi ere, hilabete honetan Gizarte Segurantzan "afiliatuen errekorra" izan dela nabarmendu du, eta urteko gainerako hilabeteetan "enplegua sortzen eta langabezia maila moderatuetara murrizten" jarraituko dela uste du.
Sindikatuek kalitatezko enplegua eskatu dute
Testuinguru horretan, langabezia iazko mailetatik gora egotea deitoratu dute euskal sindikatuek, eta kalitatezko enplegua sortzea eskatu dute, behin-behinekotasunak gora egin baitu.
ELAk ohartarazi du kontratuen behin-behinekotasun tasak "okerrera" egin duela berriro, eta % 78,6ra iritsi dela EAEn eta Nafarroan; LABek, berriz, deitoratu egin du langabeziaren igoera bereziki gazteen artean izan dela.
CCOOk salatu duenez, "aldi baterako kontratazioak gora egiten jarraitzen du, enplegu mugagabea eten den bitartean", eta UGTk hezkuntzan eta ikasturtearen amaieran jarri du arreta, "urtez urte, ekainean langabeen kopuruak gora egiten baitu".