Nekazaritza
Gazteak landa-eremura erakartzeko neurriak prestatuko dituzte Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek
EITB Media
Nekazaritza gazteentzako aukera iturri izatea da helburua, baina horretarako, Luis Planasek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak, indarrak batzeko eskatu die erkidegoetako kontseilariei.
Landa eremuan belaunaldi erreleboa sustatze aldera Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren, eta autonomia erkidegoen artean neurri-katalogo bat egitera konprometitu dira. Hala adierazi dute Iruñean egin den gazteei zuzendutako sektoreko konferentzia monografikoan.
Nekazaritza gazteentzako aukera iturri izatea da helburua, baina horretarako, Luis Planasek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak, indarrak batzeko eskatu die erkidegoetako kontseilariei. Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) diru laguntzak beharrezkoak direla argudiatuz, baina gazteak landa mundura erakartzeko eta beraien etorkizuna bertan bermatzeko, beste neurri batzuk hartu behar direla ere azaldu du Planasek.
Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, azpimarratu du Ministerioak onartu dituela Eusko Jaurlaritzak NBPren plan estrategikoa aldatzeko egindako proposamen gehienak.
Hala ere, hurrengo erreformaren inguruko "hausnarketa estrategikoaren zain egon gabe", Europako Batzordeari NPBren oinarrizko araudietan aldaketak egiteko "presioa" egiteko eskatu dio Luis Planasi.
Familia nekazaritzari buruzko lege proiektua
Ministroak azpimarratu du familia nekazaritzaren etorkizuneko lege proiektua izango dela tresna arautzailea, eta bertan txertatuko direla belaunaldien arteko erreleboaren erronkari aurre egiteko neurriak zehazteko beharrezkoak diren lege aldaketa asko.
Konferentzian, agerian geratu da lan egin behar dela herritarrak nekazaritza-jardueraz sentsibilizatzen, gazteei berariazko aholkularitza eskaintzen, baita berrikuntzan ere. Horrela lortuko baita sektorea erakargarria eta errentagarria izatea.
NPBren gazteentzako funtsak
Planasek azaldu duenez, plan estrategiko nazionalak 220 milioi bideratzen ditu urtero nekazari eta abeltzain berriak instalatzeko laguntzetara, hau da, 1150 milioi 2027 arteko epealdirako. Plan horrek aurreikusten du 16.000 gazte inguru sartuko direla nekazaritza jardueran.