TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: EAEko aurrekontuen gidalerroak, sanferminak, eta Frantziako gobernu osaketa
EITB MEDIA
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko uztailaren 9an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EAEko aurrekontuen gidalerroak: Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuak egiteko jarraibide ekonomikoak aurkeztuko ditu gaur, Lehendakaritzan. Dokumentua Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak aurkeztuko du, asteroko gobernu bileraren ondorengo agerraldian, 12:00etan. Aipaturiko gidalerro ekonomikoak hurrengo urteko aurrekontuak diseinatzeko erabili ohi dira.
- Sanferminak: San Fermin jaien harira, laugarren festa eguna dute Iruñean. Aurtengo hirugarren entzierroa izango da eta Victoriano del Rio (Madril) ganadutegiko zezenak izango dira protagonista. Iruñeko Udalak egindako azken balantzearen arabera, sanferminak hasi zirenetik zazpi sexu eraso izan dira eta bost lagun atxilotu dituzte. Azken sexu erasoen berri izan ondotik, mugimendu feministak prentsaurrekoa eskainiko du eguerdian.
- Frantziako gobernu osaketa: Fronte Herritar Berriaren garaipenaren ondoren, Asanblea Nazionala ziurgabetasun giroan murgilduta geratu da. Izan ere, ezkerrak eta Macronen alderdiak eskuin muturra hirugarren posizio batera zokoratzea lortu badute ere, blokeetako batez ere ez du eraginkortasunez gobernatzeko behar den gehiengoa lortu (289 diputatu behar dira gehiengo absolutua lortzeko). Gauzak horrela, aukera bat izan daiteke Gobernua eta Presidentetza kolore desberdinetakoak izatea. Intsumisoek, sozialistek, ekologistek eta komunistek osatutako Fronte Herritar Berriak (NFP) dagoeneko iragarri du aste honetan bertan lehen ministrorako hautagai bat izendatuko duela.