Itxi

Eguzki-energia

Solaria enpresak EAEko 1.000 lurjaberekin akordioak itxi ditu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kritiken erdian, eta Solariaren Arabako proiektuei alegazioak aurkezteko epea amaitzen den egun berean, enpresak jakinarazi du zer baldintzatan alokatzen edo erosten dituen lursailak bere parke fotovoltaikoetarako.

Eguzki plakak. EFEren artxiboko irudia

Solariak eguzki-energia fotovoltaikoa sortzen duen enpresak jakinarazi jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan 1.000 lurjaberekin akordioak itxi dituela jada bere proiektu fotovoltaikoak garatu ahal izateko. Datozen hilabeteetan beste 3.000 akordioa ere itxi nahi dituela dio enpresak.

Araban egitekoa duen proiektu handiari alegazioak aurkezteko epea amaitzen den egun berean, enpresak jakinarazi du zer baldintzatan alokatzen edo erosten dituen lursailak bere eguzki-parkeetarako. Adierazi duenez, 1.500 euroren truke alokatzen ditu lurrak hektarea eta urte bakoitzeko, eta 25.000 euroren truke erosten ditu hektareako.

Aitor Uriarte Solariako Harreman Instituzionalen Euskadiko koordinatzaileak ziurtatu duenez, enpresak "nekazariekin edo lur-jabeekin adostuta jarduten du" parke fotovoltaikoak garatzerako orduan. Hala, gaineratu du "jabe bakoitza libre dela alokatu, saldu edo bere ohiko jarduerarekin jarraitu nahi duen erabakitzeko".

Enpresak hiru parke fotovoltaiko eraiki asmo ditu Araban, Erribera Beitia, Iruña Oka, Gasteiz eta Zigoitia udalerriei eragingo diena, eta parke horietan sortutako elektrizitatea goi tentsioko linea baten bitartez Zierbenara garraiatuko dute. Linea horrek Arabako bederatzi udalerriri eragingo lieke, eta Bizkaiko beste 10i.

Kritikak areagotu egin dira

Asteazken honetan amaitzen zen hiru instalazio fotovoltaiko horiei alegazioak aurkezteko epea; izan ere, kritika ugari egon direnez, epea ekainaren 12tik uztailaren 10era atzeratu da. Asteotan aregotu egin dira alegazioak eta baita herritarren errezeloa ere.

Hala, haur bertan 50.000 herri alegazio aurkeztu dituzte hainbat sindikatu eta elkarteek Araban egin asmo duten "makroproiektu" energetikoen aurka, lurraldearentzat "mehatxu" direla iritzita. Besteak beste eskatzen dute makroproiektu energetikoa geldiaraztea, biodibertsitatea arriskuan jartzen baitu.

Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek ere duela egun gutxi 5.450 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte proiektuen aurka, eta hiru herri horietako herri-elkarteek Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari bidali dizkiote alegazioak.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, berriz, astearte honetan jakinarazi du Foru Aldundia lanean ari dela Solariako energia berriztagarriaren proiektuari aurkeztuko dizkion alegazioetan. Hala, azpimarratu du Aldundiak enpresari helarazi dion jarrera dela Lurraldeak "energia berriztagarria sortzeko proiektuak nahi dituela, betiere biodibertsitatea zainduz eta, ahal den neurrian, nekazaritza lurzorua ere zainduz".

oru Aldundiaren jarrera honakoa dela errepikatu du: "Arabak energia behar du bere bizimodua mantentzeko, lurraldeari eutsi behar dio, Nekazaritza mantendu behar du eta Industria mantendu behar du; bi gauzak mantendu behar ditu".

Albisteak (5)