Itxi

KPI-A

Inflazioak gora egin du ekainean, eta urte arteko tasa % 3,5an geratu da EAEn, eta % 3,4an Nafarroan

EITB Media

Leer en Castellano

Igoera handienak Etxebizitzan (% 5 inguru garestitu da), elikagai eta edari ez-alkoholikoetan (% 4,55) eta ostalaritza eta hoteletan (% 4,1) izan dira.

Etxebizitza % 5 inguru garestituta da ekainean, 2023ko hilabete berarekin alderatuta. EITB Media

Prezioek gora egin dute ekainean Hego Euskal Herrian, eta urte arteko inflazioa % 3,5ean eta % 3,4an geratu da EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Hala ere, ekaineko urte arteko datua maiatzekoa baino apalagoa da, lau hamarren EAEn, maiatzean % 3,9koa baitzen, eta hamarren bat Nafarroan, maitzean % 3,5ekoa baitzen.

INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak gaur eman ditu ekaineko behin betiko datuak. Maiatzetik ekainera, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) bost hamarren igo da Nafarroan, eta hiru hamarren Nafarroan. Prezioek gora egiten jarraitzen badute ere, igoera moteldu egin da.

Etxebizitzak, elikagai eta edari ez-alkoholikoek eta ostalaritzak eta hotelek izan dituzte urte arteko hazkunde handienak, % 5, % 4,5 eta % 4,1eko garestitzeekin, hurrenez hurren. 

Arabak izan du urte arteko inflaziorik txikiena ekainean (% 3,2), Bizkaiak (% 3,5) eta Gipuzkoak (% 3,6) baino txikiagoa.

Urtea hasi zenetik, prezioak % 3 garestitu dira EAEn, eta % 2,4 egin dute gora Nafarroan.

Elikagaien prezioak ere gora egiten jarraitzen du. Elikagaiak eta edariak % 5 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta % 4,1 Nafarroan. Hala ere, urte arteko datua maiatzekoa baino apalagoa da, aurreko hilabetean % 5,6koa eta 4,5ekoa izan baitzen, hurrenez hurren. Maiatzetik ekainera, prezioak mantendu egin dira Nafarroan, eta hiru hamarren merkatu dira EAEn.

Espainiako Estatuan, elikagaiak batez beste % 3,4 garestitu dira urtebetean —maiatzean baino bi hamarren gutxiago—, batez ere, erregaien merkatzeagatik eta elikagaiak modu apalagoan garestitu direlako.

Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) % 3an kokatu da, azken hilabeteetan izandako egonkortasuna mantenduz.