Itxi

GARRAIOA

Talgok Skoda txekiarraren proposamen bat jaso du fusionatzeko

eitb media

Leer en Castellano

Negozioen eta industria-integrazioaren konbinazio bat planteatzen du proposamenak, baina ez du eskaintza ekonomikorik zehazten. Skoda da, hortaz, alternatiba Magyar Vagon hungariarrari aurre egiteko; izan ere, azken honek Talgo enpresaren % 100 erosteko eskaintza egin du.

Talgoren lantegia. EITBren artxiboko irudia

Trenak eraikitzen dituen Talgo enpresak baieztatu du Skoda Transportation talde txekiarrak proposamen bat egin diola bi enpresak elkartzeko. Proposamenak negozioen eta integrazio industrialaren konbinazio bat planteatzen duela adierazi du taldeak, baina eskaintza ekonomiko zehatzik egin gabe. 700 langile biltzen dituen lantegia du Talgok Arabako Rivabellosa udalerrian.

Hala jakinarazi dio Talgok astearte honetan Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV), merkatua ireki aurretik. Skoda izango da, beraz, Magyar Vagon hungariarrak Talgori buruz egindako erosketa-eskaintza publikoari (EEP) aurre egiteko merkatuko hautagai nagusia. Konpainia hungariarrak 619 milioi euro eskaini ditu konpainiaren % 100aren truke.

Talgok, baina, ohar bidez zehaztu du Skodaren proposamenak ez duela eskaintza ekonomikorik zehazten, eta, beraz, proposamenari buruzko xehetasun gehiago eskatu dizkio, Magyar Vagon enpresaren eskaintza hobetzen duen jakiteko. Era berean, konpainiak gaur egun dituen gaitasun industrialak eta finantzarioak zeintzuk diren azaltzea ere exijitu dio, hurrengo urratsak baloratu ahal izateko.

Skoda Transportationen proposamena Hungariako GanzMaVag (Magyar Vagon) taldeak Talgori egindako proposamenaren ondotik iritsi da. Nolanahi ere, talde hungariarraren proposamenari ez dio babesik eman Espainiako Gobernuak, uste baitu Talgo operadore estrategikoa dela, munduan teknologia bakarra duena, eta tren-garraioan funtsezko eginkizuna betetzen duena.

Are gehiago, Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministro Oscar Puentek behin baino gehiagotan adierazi du Gobernuak "kontu handiz begiratzen diola EEPri, jokoan beste eragile batzuen, inbertitzaileen eta beste fabrikatzaile batzuen zain". Orain Skodaren proposamena begi onez ikusten du Espainiako Gobernuak.

Skoda Transportation ingeniaritza taldea, egoitza Pilsenen duena, eta hiri eta trenbide garraiorako tren ibilgailu elektrikoak garatzen eta fabrikatzen espezializatuta dago.