Itxi

Patronala

Confebask kezkatuta dago absentismo indize "altuagatik" eta lan-gatazkengatik

EITB Media

Leer en Castellano

Confebaskek udako Kontseilu Orokorra egin du eta, hor, Tamara Yague presidenteak kargua hartu zuenetik igarotako urtearen balantzea egin du.

Confebaskek udako Kontseilu Orokorra egin du gaur goizean. Argazkia: EFE

Confebaskek egiaztatu ahal izan du enpresak kezkatuta daudela "absentismo indize altuagatik, talentuagatik eta pertsona faltagatik, baita Euskadin lan-gatazkak herrialdeari egiten dion ekarpen negatiboagatik ere".

Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak udako Kontseilu Orokorra egin du gaur goizean eta, hor, Tamara Yague presidenteak kargua hartu zuenetik igarotako urtearen balantzea egin du, baita Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresek epe labur eta ertainean dituzten eskaera eta kezka nagusien balantzea ere.

Patronalaren hitzetan, absentismoa EAEn "inguruko ekonomien oso gainetik dago". "Gure lehiakortasuna oztopatzen duen arazo bat da, eta guztion artean irtenbide bat bilatu behar diogu, oso zabalduta dagoen eta guztioi larriki eragiten digun kezka baita, enpresei ez ezik, baita erakundeei, pertsonen osasunari, osasun arretari, erakunde publikoei ere eta, oro har, eragile sozialei", ziurtatu du Tamara Yaguek.

Lan-gatazkari buruz, "Estatukoarekin alderatuta, estrukturalki handia da, eta, gainera, 2019tik, asko areagotu da, nahiz eta Euskadin estatuan baino lan baldintza nabarmen hobeak dauden, bai enpleguen egonkortasunari dagokionez, bai ordaindutako soldatei eta lan egindako lanaldiei dagokienez", kritikatu du Yaguek.

Tamara Yague Confebaskeko presidentea. Argazkia: EFE

Erronka demografikoari eta pertsona faltari dagokienez, Confebaskeko presidenteak gogorarazi duenez, "talentuaren inguruko herri estrategia bat behar dugu, erakundeen eta enpresen erantzun bateratu bat Euskadik duen erronka demografikorako. Gobernu berriarentzat lehentasunezko zeregina izatea eta maila goreneko lidergo eta ikuspegi batetik heltzea espero dugu. Testuinguru horretan kokatzen da Eusko Jaurlaritzarekin batera diseinatu dugun proiektu pilotua, Mexiko eta Kolonbiako profesionalak erakartzeko".

"Zailtasun horietako bat etxebizitza lortzea da eta, beraz, eskaintza handitzen eta prezioak apaltzen lagunduko duen politika bat bultzatu behar da, ez bakarrik tokiko eskaerei erantzuteko, baita aurrean dugun erronkari herri mailako erantzuna emateko ere".

15 neurri fiskal

Gainera, Confebaskek 15 neurri fiskal proposatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren "lehiakortasuna indartzeko eta hazkunde ekonomikoa bizkortzeko".

Besteak beste, hauek nabarmendu ditu: Sozietateen gaineko Zergaren gutxieneko tributazioa egungo %17tik %15era murriztea; Ondarearen gaineko Zerga kentzea; Errenta tarteak inflazioaren zenbateko errealean deflatatzea; Start-upetan izandako galerak monetizatzea baimentzea; berrikuntzarako pizgarri fiskalaren erakargarritasuna hobetzea; kalitatezko enplegua sustatzeko kenkari berri bat sortzea; eta trantsizio energetiko fiskalki sustatzea, deskarbonizazioari lotutako kenkari berri bat sortuz.

Patronalak bere zerga proposamena helarazi die dagoeneko zerga agintariei: "Kontua ez da ekarpen gutxiago egitea, ekarpen hobea egitea baizik".

Bestalde, aurtengo aurreikuspenaren arabera, hazkundea % 2 ingurukoa izango da eta 16.000 lanpostu berri inguru sortuko dira, "euskal enpresek egin beharreko eraldaketei ekiteko inbertsioarekin konpromiso sendoa dutela egiaztatu delarik".