Itxi

Lan-istripua

Sei arrantzale hil eta beste zazpi desagertu dira 'Argos Georgia' ontzia Malvinetan hondoratu ostean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

27 marinel zihoazen ontzian, tartean hamar espainiar, horietako 14 onik atera dira. Gainera, itsasontziak Errusia, Indonesia, Uruguai eta Peruko arrantzaleak izango lituzke.

'Argos Georgia' arrantza-ontzia. Argazkia: EFE

Gutxienez sei arrantzale hil dira gaur Malvina uharteetan hondoratu den Argos Georgia arrantza-ontziaren istripuan, zazpi pertsona desagertuta daude eta 14 bizirik erreskatatu dituzte, Espainiako Gobernuak Galizian duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez. Arrantza-ontziak Stanleytik 200 milia ekialdera eskatu du laguntza.

Malvinetako itsas agintariek Espainiakoei helarazitako informazioaren arabera, Puerto Toro arrantza-ontziak bi gorpu berreskuratu ditu, eta Cangaseko (Pontevedra) Robin M. Lee ontziak bizirik atera den pertsona bat eta gorpu bat erreskatatu ditu.

Hiru gorpu atera dituzte itsasotik, beste zazpi itsasoan desagertuta daude eta 14 bizirik erreskatatu dituzte.

27 pertsona zihoazen ontzian, tartean hamar espainiar, Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkari Pedro Blancok astearte goizean jakinarazi duenez. Gainera, itsasontziak Errusia, Indonesia, Uruguai eta Peruko arrantzaleak izango lituzke.

Zehazki, hondoratzean hildakoetako bi Vigoko eta Baionako (Pontevedra) bizilagunak ziren. Desagertuetako bat Ribeirakoa da (A Coruña), eta udalerri bereko beste hiru bizirik atera dira.