Finantza entitateak
Santander bankuak 6.059 milioi euro irabazi ditu urteko lehen seihilekoan
Agentziak | EITB Media
Diru-sarrerak, orotara, 31.050 milioi eurokoak izan dira, iaz baino % 10 gehiago. Irabaziak finantza-erakundeak lan egiten duen segmentu ia guztietan nabaritu dira.
Santander banketxeak 6.059 milioi euroko irabazi garbia izan du 2024ko urtarriletik ekainera, hau da, % 15,6ko igoera izan du aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.
Mozkin hori finantza-erakundeak jarduten duen segmentu gehienetan nabaritu da. Adibidez, txikizkako bankaren alorrean, irabazia 3.326 milioi eurokoa izan da (% 37,4 gehiago). Inbertsio-bankaren negozioak, aldiz, 1.405 milioi irabazi ditu (% 4,9 gutxiago).
Diru-sarrera gordinak 31.050 milioi eurokoak izan dira urtarrila eta ekaina artean (iaz baino % 10 gehiago). Zifra horretatik, interesengatiko diru-sarrerak 23.457 milioi euro izan dira (% 12,1 gehiago) eta komisio garbiak % 6,1 hazi dira, 6.477 milioi euroraino.
Gastuak ere igo egin dira. Besteak beste, administraziokoak eta amortizazioak ia 13 milioi eurokoak izan dira (2023ko lehen seihilekoan baino % 3,5 gehiago), eta kaudimen gabe gelditzen direnentzako hornidura % 8,2 hazi da.
Bankuak argitaratutako finantza-txostenaren arabera, 2024ko ekainaren 30ean, Santanderrek 1,786 bilioi euroko aktiboak zituen, urtebete lehenago baino % 0,3 gehiago. Horietatik guztietatik, bezeroei emandako maileguak eta aurrerakinak 1,03 bilioi eurokoak izan ziren (% 1,1 gehiago).
Pasiboei dagokienez, txostenak 1,682 bilioi eurotan ezartzen ditu (% 0,2 gehiago). Kopuru horretatik, bezeroen gordailuak % 2,3 igo dira, 989.108 milioi euroraino.
Estatuko negozioa
Espainiar Estatuko jardunari soilik dagozkion datuei erreparatzen badiegu, Santanderrek 1.756 milioi euroko irabazi garbia izan du lehen seihilekoan, aurreko urteko aldi berean baino % 55,1 altuagoa.
Estatuko guztizko diru-sarrerak 6.065 milioi eurokoak izan dira (% 18,6 gehiago). Zifra horretatik, interes-marjina % 15,6 hobetu da, eta komisio garbiak % 5 gehiago izan dira.
Datu horiekin, finantza-erakundeak jakinarazi du 2024rako helburuak hobetzea erabaki duela, orain arteko emaitzak eta ingurune ekonomikoa ikusita. "Ingurune geopolitiko aldakor batean, helburu berriak betetzea espero dugu, gure negozioen eta merkatuen dibertsifikazioari, gure ereduaren sendotasunari eta taldeen kalitateari esker", adierazi du Ana Botin Santander banketxeko presidente exekutiboak.