Itxi

LANA

Lan-istripuen heriotza-tasa % 28,5 hazi da Euskadin, eta zauritu larriak % 45

AGENTZIAK | EITB

Leer en Castellano

Bestalde, Fogasak lagundutako langileak % 34,2 hazi dira EAEn lehen seihilekoan.

Gipuzkoan izandako lan-istripu baten artxiboko argazkia. EITB.

Guztira 18 pertsona hil dira lan-istripuz urteko lehen sei hilabeteetan Euskadin, hau da, iaz aldi berean hildakoak (14) baino % 28,5 gehiago. Era berean, % 45 hazi da zauritu larrien kopurua, 116 izan baitira; aurreko ekitaldian, berriz, 80 izan ziren larri lesionatuak.

Osalanen datuen arabera, urtarriletik ekainera baja eragin zuten 21.174 lan-istripu jakinarazi dira EAEn, hau da, iazko aldi berean baino % 7,6 gehiago, 1.490 gehiago izan baitira. Horien artean sartzen dira lanaldiko ezbeharrak, 'in itinere' gertatutakoak eta berriro gaixotzeak.

Lanaldian ezbehar-tasa handiena izan zuen sektorea Zerbitzuak izan zen (9.607 istripu), eta Industria (5.835 ezbehar), Eraikuntza (2.163 istripu) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza (304 baja) daude zerrendan ondoren.

Bestalde, EAEn, urteko lehen seihilekoan, laneko baja eragin duten 871 gaixotasun profesional berri zenbatu dira; hau da, % 1,4ko igoera izan da 2023ko aldi berean zenbatu zituztenekin alderatuta.

Fogasaren prestazioak

EAEko 1.826 langilek 13,2 milioi euroko prestazioak jaso zituzten urteko lehen sei hilabeteetan Soldatak Bermatzeko Funtsetik (Fogasa), konkurtsoan dauden edo kaudimenik ez duten enpresetako langileei soldatak eta kalte-ordainak ordaintzeaz arduratzen den erakundetik; iazko aldi bereko datuekin alderatuta, % 34,2 igo da laguntza jaso duten langileen kopurua.