Itxi

Banketxeak

Ia 5.000 milioi euroko irabaziak izan ditu BBVAk ekainera arte, iazko epe berean baino % 29 gehiago

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bankuak sei hilabete bakar batean inoiz lorturiko emaitzarik onena da. Sabadell bereganatzeko prozesuan murgilduta dagoen honetan, jardueraren eta kredituaren "dinamismoa handiak" ahalbidetu dio irabazi horiek eskuratzea.

Carlos Torres BBVAko presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

BBVA taldeak 4.994 milioi euroko irabazi garbiekin itxi ditu 2024ko lehen sei hilabeteak. Horrek esan nahi du etekina iazko lehen seihilekoan baino % 29 handiagoa izan dela aurten, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) gaur ezagutarazitako emaitzen arabera. Bankuak sei hilabete bakar batean inoiz lorturiko emaitzarik onena da.

Finantza erakundeak jakinarazi duenez, jardueraren eta kredituaren "dinamismo handiak" eragin du etekinen gorakada.

Banketxeak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari gaur jakinarazi dionez, bigarren hiruhilekoa ere inoizko onena izan da 2.794 milioi euroko mozkinak lortuta (% 38 gehiago).

Bezeroen gordailuak % 7,1 handitu dira azken urtean, 611.959 milioi euroraino.

Hiruhilekoko emaitzak "apartak" izan direla nabarmendu du BBVAren kontseilari delegatu Onur Gençek, duela urte batzuk "pentsaezinak" ziren finantza-metrikak baliatuta. Halaber, 2021-2024 aldirako ezarritako helburuak "aise" lortuko dituela adierazi du.

BBVA Sabadell bereganatzeko prozesuan murgilduta dago eta elkartzeak erakunde "indartsuagoa eta errentagarriagoa" sortuko duela nabarmendu du kontseilari delegatuak.