Burtsak
"Astelehen beltza"ren ondotik, nolabaiteko lasaitua hartu dute merkatuek
Agentziak | EITB Media
Atzoko deskalabruaren ostean, Japoniako Nikkei indizeak % 10,23 egin du gora, 2008tik izandako hazkunderik handiena. Badirudi Europako merkatuek lasaitasuna berreskuratu dutela, baina oraindik zalantzak mantentzen dira.
"Ez dadila izua zabaldu". Inbertsoreek buelta eman diote atzoko deskalabruari, eta merkatuek goranzko bidea hartu dute, "astelehen beltza"ren biharamunean. Europako burtsa nagusiek emaitza desberdinak izan dituzte; positiboak baino, negatiboagoak. Asiarrek, berriz, emaitza positiboak lortu dituzte eta Wall Streetek positiboan ireki du.
Zabaltzen lehenak dira Asiako burtsak, eta joera ezarri dute. Hala, Japoniako Nikkei indizeak % 10,23ko igoerarekin itxi du saioa, hiru egunez jarraian beherakadak jaso ostean. 2008tik izandako hazkunderik handiena izan da, zinez, gaurkoa.
Abuztua hasi zenetik % 11ko galera pilatu du Tokiko burtsak, baina % 4ko igoera du metatuta aurten.
Europan ere baikortasuna nagusitu da, eta indize gehienek igoera txikiekin abiatu dute saioa. Itxieran, IBEX 35ek, Espainiako Burtsaren indize nagusiak, % 0,32 egin du behera, Milanek (% 0,6) eta Parisek (% 0,27) bezala. Londresek % 0,23 irabazi du eta Frankfurtek % 0,09.
Brent petrolio upelaren prezioak (Europan erreferente) % 0,56ko hazkundea izan du, 76,73 dolarretaraino, eta Texasekoak ere, antzera (73,53 dolar, % 0,56 gehiago).
Wall Streeten, bestalde, indize nagusiek positiboan ireki dute. Atzo azken bi urteetako daturik kaskarrekin amaitu zuen saioa. Dow Jones indizeak % 2,60 egin zuen atzera, eta Nasdaqak, % 3,43.