Itxi

Inflazioa

Urte arteko KPIaren igoera % 2,9ra apaldu da EAEn eta % 2,6ra Nafarroan, uztailean

O. A. | EiTB Media

Leer en Castellano

Espainiako Estatuan urte arteko inflazioa % 2,8an kokatu da, ekainetik sei hamarren behera eginda. Bien bitartean, elikagaiak batez beste % 3,1 garestitu dira urtebetean, hiru urtean izandako igoerarik txikiena.

Supermerkatu bateko apalak, beteta. Egile eskubiderik gabeko irudia

Prezioek gora egiten jarraitzen dute Hego Euskal Herrian, modu apalagoan bada ere. Uztailean urte arteko inflazioa % 2,9an eta % 2,6an geratu da EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Hortaz, urte arteko tasak sei hamarren eta zortzi hamarren egin du behera EAEn eta Nafarroan, ekainean % 3,5ekoa baitzen EAEn eta % 3,4koa Nafarroan. Joera horren erantzule nagusiak argindarraren merkatzea eta elikagaien igoeraren moteltzea dira, batez ere.

Ekainetik uztailera, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) hiru hamarren jaitsi da EAEn eta hamarren bat, Nafarroan.

Urtea hasi zenetik, prezioak % 2,7 garestitu dira EAEn, eta % 2,2 Nafarroan.

Bizkaiak izan du urte arteko inflaziorik handiena uztailean (% 3,1), Gipuzkoaren (% 2,9) eta Arabaren (% 2,4) aurretik. Ekainetik uztailera, prezioak % 0,5 merkatu dira Araban, % 0,4 Bizkaian eta % 0,2 Gipuzkoan.

Elikagaien prezioak ere gora egiten jarraitzen du; izan ere, elikagaiak eta edariak % 4,3 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta % 3,2 Nafarroan. Hala ere, urte arteko datua ekainean baino apalagoa da, aurreko hilabetean zazpi hamarren eta bederatzi hamarren handiagoa baitzen, hurrenez hurren. Espainiako Estatuari dagokionez, elikagaiak batez beste % 3,1 garestitu dira urtebetean —ekainean baino % 1,1 gutxiago—, batez ere, frutaren eta olioaren prezioak behera egin duelako eta oliba olioaren BEZa % 0ra murriztu delako.

Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 2,8an kokatu da uztailean.

Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, bi hamarren jaitsi da uztailean, % 2,8raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta. 2022ko urtarriletik izandako daturik apalena da.