Itxi

Espazioa

LUR-1 euskal satelitearekin konektatzen saiatuko dira eguerdian, lehen ahaleginak huts egin ostean

EITB Media

Leer en Castellano

Satelitea zeraman kohetearen jaurtiketa atzeratu egin zen, eta horren eraginez, kalkuluak berregiten ari dira konexioa ezartzeko. Kasu batzuetan bi aste behar izaten dira hori lortzeko. Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu dute, bart.

Your browser doesn’t support HTML5 video

AVS (Added Value Solutions) Arabako konpainiak EITBri jakinarazi dionez, huts egin du gauerdian LUR-1 Euskal Herrian osorik diseinatu eta garatu den satelitearekin konektatzeko egin duten lehen ahaleginak, bart 20:56ean Kaliforniatik (AEB) espaziora bidali ostean.

AVStik azaldu dutenez, kohetearen jaurtiketa atzeratu zutenez, kalkuluak egin behar izan dituzte berriro satelitearekin harremanetan jartzeko. Ohikoa omen da lehenengo ahaleginean konexioa ez ezartzea, eta kasu batzuetan bi aste ere behar izaten omen dira lortzeko.

Cristina Ortega AVSko Espazioko zuzendariak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, espazioratu eta ordubete eta 20 minutura espero zuten satelitearen lehen seinalea jasotzea.

Espaziorako bidaia gauzatzeko, Elon Musk enpresaburuaren Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu dute bart satelitea, Ameriketako Estatu Batuetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik.

Jaurti eta minutu batzuetara, kohetea eta satelitea banandu egin dira, eta Lurraren gainazaletik 515 kilometro inguruko distantziara orbitatzen ari da jada.

Falcon 9 kohetea eta LUR-1 satelitea, espazioan. Irudia: Space X

LUR-1 satelitea 57 kiloko mikrosatelitea da, eta hainbat bandatako antenak (UHF, S eta X), beso zabalgarri bat eta eguzki-panelak ditu. Mila lanegun baino gehiago eta 8 milioi euro inbertitu dira hori diseinatu eta fabrikatzeko prozesuan, horien % 40 funts publikoen bidez bildutakoak.

Sateliteak segundoko 7 kilometroko abiaduran orbitatuko du Lurra, eta bost urtez funtzionatuko omen du. Ondoren, bere orbita espazialetik aterako da, atmosferan berriz sartzeko, eta bertan desegingo da.

Bereizmen handiko irudiak eta jasangarritasuna

Teknologia hori guztia Lurraren bereizmen handiko irudiak hartzeko erabiliko dute, nahiz eta hasiera batean misioaren arreta Euskal Herriko geografian jarri, itsasertzaren bilakaera aztertzeko, izurriteen eta ibaien kontrolak aztertzeko eta laboreen banaketa kudeatzeko, besteak beste.

LUR-1 sateliteak MICE gailua darama, Arabako konpainiak ESArentzat (Europako Espazio Agentzia) garatutakoa.

Copernicus programaren satelite guztietan instalatuko dute, desorbitazioa prestatzeko, funtzionatzeari uzten badiote edo balio-bizitzaren amaieran erabiltzeko. Teknologia horrek espazioko zaborra kentzeko aukera erakustea du helburu, espazio jasangarriagoa lortze aldera.

Espazio sektoreak 800 milioi euro inguru sortzen ditu urtero Euskal Autonomia Erkidegoan, 5.000 profesional ingururi ematen die lana, eta EAEko BPGren % 5,7 da.

Albisteak (1)

Bideoak (1)