Espazioa
LUR-1 euskal satelitearekin konektatu du AVSk
EITB Media
Bart Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu ostean, 12:39an Euskal Herrian osorik garatutako satelitearekin bat egin du Added Value Solutions (AVS) Arabako konpainiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
AVS (Added Value Solutions) Arabako konpainiak bart jaurtitako LUR-1 euskal satelitearekin konektatu du, bigarren saiakeran.
Arkaitz Larman ingeniariak EITBri esan dionez, espero zuten unean konektatu dira, gauerdian Euskal Herrian osorik diseinatu eta garatu den satelitearekin konektatzeko egin duten lehen ahaleginak huts egin ondoren.
"Bagenekien orain arteko dena ondo eginda zegoela, eta denbora kontua zen", azaldu du Larmanek. Lehendabiziko urrats hori beteta, orain arteko guztia espero bezala etorri da, AVSko kideen arabera.
Atzo kohetearen jaurtiketa atzeratu zutenez, kalkuluak egin behar izan dituzte berriro satelitearekin harremanetan jartzeko. Ohikoa omen da lehenengo ahaleginean konexioa ez ezartzea, eta kasu batzuetan bi aste ere behar izaten omen dira lortzeko.
Espaziorako bidaia gauzatzeko, Elon Musk enpresaburuaren Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean espazioratu dute bart satelitea, Ameriketako Estatu Batuetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik.
Jaurti eta minutu batzuetara, kohetea eta satelitea banandu egin dira, eta Lurraren gainazaletik 515 kilometro inguruko distantziara orbitatzen ari da jada.
LUR-1 satelitea 57 kiloko mikrosatelitea da, eta hainbat bandatako antenak (UHF, S eta X), beso zabalgarri bat eta eguzki-panelak ditu. Mila lanegun baino gehiago eta 8 milioi euro inbertitu dira hori diseinatu eta fabrikatzeko prozesuan, horien % 40 funts publikoen bidez bildutakoak.
Sateliteak segundoko 7 kilometroko abiaduran orbitatuko du Lurra, eta bost urtez funtzionatuko omen du. Ondoren, bere orbita espazialetik aterako da, atmosferan berriz sartzeko, eta bertan desegingo da.
Bereizmen handiko irudiak eta jasangarritasuna
Teknologia hori guztia Lurraren bereizmen handiko irudiak hartzeko erabiliko dute, nahiz eta hasiera batean misioaren arreta Euskal Herriko geografian jarri, itsasertzaren bilakaera aztertzeko, izurriteen eta ibaien kontrolak aztertzeko eta laboreen banaketa kudeatzeko, besteak beste.
LUR-1 sateliteak MICE gailua darama, Arabako konpainiak ESArentzat (Europako Espazio Agentzia) garatutakoa.
Copernicus programaren satelite guztietan instalatuko dute, desorbitazioa prestatzeko, funtzionatzeari uzten badiote edo balio-bizitzaren amaieran erabiltzeko. Teknologia horrek espazioko zaborra kentzeko aukera erakustea du helburu, espazio jasangarriagoa lortze aldera.
Espazio sektoreak 800 milioi euro inguru sortzen ditu urtero Euskal Autonomia Erkidegoan, 5.000 profesional ingururi ematen die lana, eta EAEko BPGren % 5,7 da.