Lan-istripua
Baso-lanetan ari zen langile bat hil da Iurretan, adar batek buruan jota
EITB Media
Heriotza honekin, 36 dira lan-istripuz Hego Euskal Herrian hildakoak, LAB sindikatuak jakitera eman duenez.
Basoko lanak egiten ari zen langile autonomo bat hil zen abuztuaren 14an, Iurretan, adar bat gainera erori eta buruan kolpe gogorra hartuta. LAB sindikatuak eman du heriotza berri honen berri eta, adierazi duenez, dagoeneko 36 dira, urtea hasi zenetik, Hego Euskal Herrian lan-istripuz hildako pertsonak.
LABek "irmo" salatu du heriotza eta "babesa eta elkartasuna" adierazi die hildakoaren senideei eta hurbilekoei.
Basogintza-sektorean dihardutenen arriskuak handiak direla salatu du sindikatuak, webgunean argitaratutako ohar batean. "Makina arriskutsuekin lan egiten dute, lur malkartsuetan, eguraldi txarra dagoenean… eta, gainera, sektoreko langileen lan-baldintzak gero eta eskasagoak dira", jakinarazi dute. Hortaz, heriotzaren "arrazoiak eta lan-baldintzak eta lan-erritmoak ikertzea" eskatu dute, euren ustez "arduradunak seinalatu" behar baitira.
Horrez gainera, "lan-istripuen gorakada prekarizazio politikaren eta erakundeek lan-osasunaren arloan duten kontrolik ezaren ondorio" da, LAB sindikatuak salatu duenez. Euren aburuz, "laneko arriskuen prebentzioan beharrezko neurriak hartuz, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan-istripuek ez lukete zertan handitu behar". Hori dela eta, erakundeei "beste aldera begiratzeari uzteko" eta "lan-osasuneko politikak errotik aldatzeko" eskatu diete.