Itxi

Turismoa

Turisten sarrerek behera egin dute uztailean hoteletan, baina ostatu-gauak igo egin dira

EITB MEDIA

Eskaintzen diren plazei dagokienez, establezimenduak % 71,6 beteta egon dira.

Establezimendu Turistikoen Inkestako datuak. Argazkia: EITB Media.

Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetan egindako ostatu-gauek % 1,8 egin dute gora aurtengo uztailean, iazko hil berarekin alderatuta. Hala ere, turisten sarrerak neurri berean egin du behera (% 1,8), Eustat Euskal Estatistika Erakundeak asteazken honetan argitaratutako turismo-establezimenduen inkestaren datuen arabera.

Okupazio-mailari dagokionez, establezimenduak % 71,6 beteta egon dira plazen arabera neurtuta, eta % 80,7 logelei dagokionez. 2023ko uztailarekin alderatuta, okupazioak % 1,2 puntu egin du behera plazen arabera neurtuz gero, eta 1,3 puntu gelen arabera neurtuz gero.

Zenbaki absolutuetan, 387.004 sarrera erregistratu dira, eta horiek guztiek 818.058 gaualdi eragin dituzte. Batez besteko egonaldia 2,11 egunekoa izan da, 2023ko hilabete berean lortutakoa (2,04 egun) baino handiagoa.

Sarreren eta gaualdien erdiak (% 55,4 eta % 55,1 hurrenez hurren) atzerritik etorritako turistenak izan dira. Izan ere, turista atzerritarrak gora egin zuen joan den hilabetean. Aurreko urtean baino % 1,8 gehiago hartu zuten ostatu gure artean, eta egonaldien iraupena ere % 4 igo zen.

Aitzitik, Estatuko turistak behera egin du. Horien sarrera % 6 jaitsi da hotel-establezimenduetan.

Lurraldez lurralde begiratuta, Gipuzkoan bakarrik igo dira bi datuak, bai turisten etorrerak (% 0,2 gehiago) baita gaualdiak ere (% 2,7 gehiago). Bizkaian, sarreren kopurua iaz baino % 2,6 txikiagoa izan da; gaualdiak, ostera, % 0,3 igo dira. Araban, bestalde, % 5,2 sarrera gutxiago izan dira, baina aurreko urteko uztailean baino % 3,5 gaualdi gehiago.

Tarifak igo dira

Eguneko batez besteko tarifa (bainugela bakarra duen logela bikoitzari dagokiona) 138,38 eurokoa izan da uztailean, hau da, aurreko urtean baino % 7,7 altuagoa.

Gipuzkoa da hiru lurraldeetako garestiena, ondoren Bizkaia dator eta, azkenik, Araba.