Itxi

Turismo datuak

Turismo sektoreak gora egin du orokorrean uztailean EAEn

EITB Media

Hoteletako sarrerek % 1,8 behera egin badute ere, kontrakoa gertatu da landetxe, apartamentu eta aterpetxe turistikoetan; % 2,5, % 9,6 eta % 18,6 egin dute gora. Hala ere, okupazioa % 50 eta % 60 artean egon da azken hauetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Turismoaren sektoreak gora egin duela nabarmen ematen dute aditzera EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak egunotan argitaratu dituen uztaileko datuek. Hoteletan turisten sarrerek behera egin badute ere, landetxe, apartamentu eta aterpetxe turistikoetan ostatu hartzen dutenen kopuruak gora egin du. 2023ko uztailarekin alderatuta, landa-ostatuek % 2,5 sarrera gehiago izan dituzte. Igoera hori handiagoa izan da apartamentuetan (% 9,6) eta aterpetxeetan (% 18,6).

Hala ere, ostatuak ez dira erabat beteta egon. Landa-ostatuetan eta apartamentuetan plazen okupazioa % 50,7koa eta % 52,4koa izan da, hurrenez hurren; aterpetxeena, aldiz, % 61,2koa.

Turista hauek 2 edo 3 eguneko egonaldiak egiten dituzte gure artean.

Ostatu motaren araberako datuak zehaztuz, landetxeek 24.041 sarrera erregistratu dituzte uztailean eta 73.311 ostatu-gau zenbatu dira. Sarrerak bezala, gaualdiak ere igo egin dira iazko datuekin alderatuta, baina neurri txikiagoan, % 0,2.

Kasu horretan, turista gehienak Estatutik etorritakoak dira (% 68,4), baina atzerritik etorritakoen kopurua nabarmen igo da (% 7,2) eta % 31,6 izatera iritsi dira.

Lurraldez lurralde begiratuta, sarrerek gora egin dute Araban (% 16,7) eta Gipuzkoan (% 3,2), baina Bizkaian % 4,8 egin dute behera. Ostatu-gauei dagokienez, jaitsi egin dira Bizkaian (% 8,4) eta Gipuzkoan (% 1,3), baina nabarmen igo dira Araban (% 31,8).

Apartamentu turistikoei dagokienez (etxebizitza turistikoak eta partikularrak kenduta), 26.778 sarrera eta 79.955 gaualdi erregistratu ziren joan den hilabetean. 2023ko uztailarekin alderatuta, % 9,6 igo dira sarrerak eta % 9,4 gaualdiak.

Kasu horretan, ia erdiak (% 49) atzerriko turistak dira. Gainera, horien kopurua % 20,9 igo da iazko uztailarekin alderatuta.

Azkenik, sarrera gehien turismo-aterpetxeetan izan dira, 32.526 guztira, eta 67.130 gaualdi eragin dituzte. Izan ere, hazkunderik handiena, 2024ko uztailarekin alderatuta, mota horretako bizitokietan gertatu da, % 18,6.

Bizkaian 34.233 gaualdi erregistratu dira, 2023ko uztailean baino % 31,3 gehiago. Gipuzkoan 31.674 izan dira, urte artean % 18,1 gehituta. Araban asko jaisten da datu hau: 1.223 gau igaro dituzte bidaiariek, aurreko urteko hil berean baino % 19 gehiago.

Albisteak (1)

Bideoak (1)