Hipotekak
Urteko mailarik baxuenean amaituko du abuztua euriborrak
EITB Media
Iaz garai honetan % 4tik gora zegoen kokatuta hipoteka aldakorrak kalkultzeko gehien erabiltzen den indizea. Abuztuko behin behineko datua % 3,170koa da, bost hilabetez jarraian jaisten joan ondotik.
Bost hilabetez jarraian beheranzko bidea egin ondoren, 12 hilabeterako euriborrak, hipoteka aldakorrak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea, urteko maila baxuenean amaituko du abuztuan. Behin-behineko datua % 3,170an kokatu da, 2023ko abuztuko % 4,073tik oso urrun.
Abuztu honetako jaitsiera, gainera, urteko adierazgarriena izan da, % 3,5etik % 3,1era jaitsi baita.
Horren ondorioz, hipoteken berrikuspena egunotan egin behar dutenak zorioneko daude. 30 urterako batez besteko hipoteka aldakorra (150.000 eurokoa, % 1eko diferentzialarekin) kontratatuta duten pertsonei 81 euro inguru merkatuko zaie hileko kuota, hau da, urtean 972 euro.
2024ko martxoan ekin zion indizeak beheranzko bideari, 2022an eta 2023an izandako goranzko aldiaren ondoren. Mailarik altuena 2023ko urrian lortu zen, % 4,16ra iritsiz.
Goranzko aldi horrek lotura estua du banku zentral nagusiek – Europako Banku Zentralak (EBZ) eta AEBko Erreserba Federalak – banketxeen arteko transakzioetarako ezartzen dituzten interes-tasen zenbatekoarekin. Inflazioa kontrolatzeko helburuarekin, hainbat hilabetez tasak igo ondoren, gelditzea eta mantentzea erabaki dute orain. Horrela, uztaileko azken bileran, EBZk tasa % 4,25ean mantentzea erabaki zuen.
Euriborra jaisten hasi da eta hala jarraituko duela hurrengo hilabeetan aurreikusten da. Hala ere, adituek ez dute uste 0 mailara edota balio negatiboetara iritsiko denik, 2016 eta 2022 urteen artean gertatu zen bezala. 2025ean % 2,5en bueltan ibiliko dela aurreratu du Massimo Cermelli Deustuko unibertsitateko irakasleak.