Itxi

Izendapena

Jose Luis Escriva izango da Espainiako Bankuaren gobernadore berria

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Escrivak, aurreko legegintzaldian Gizarte Segurantzako ministro izan zenak, zenbait talka izan zituen Espainiako Bankuarekin eta gobernadorearekin, pentsioei buruz.

Jose Luis Escriva Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio publikoko ministroa. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak Jose Luis Escriva Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio publikoko ministroa izendatuko du Espainiako Bankuaren gobernadore, Pablo Hernandez de Cosen ordez.

Gobernuak ofizialki baieztatu ez badu ere, Escrivaren izena izango da bihar mahai gainean Diputatuen Kongresuan gobernadore kargurako, nahiz eta PP kontra agertu den. Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak agerraldia eskatu du, Behe Ganberan izendapenaz azalpenak emateko.

Espainiako Gobernuak uztailean proposatu zion izena PPri, baina popularrek erabat errefusatu zuten proposamena, Gobernuko kide delako.

Espainiako Bankuaren gobernadorearen izena ez du Ministroen Kontseiluak onartu behar, Gobernuko presidentearen proposamena baita. Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, Escrivak ministro karguari uko egin eta gero.

Idatzi gabeko araua bada ere, gobernadorearen eta azpigobernadorearen izenak PSOEk eta PPk adostea da ohikoena, Gobernuan dagoenak gobernadorea eta oposiziokoak azpigobernadorea aukera ditzan.

Izendapena iristear den honetan, Alberto Nuñez Feijo PPren presidenteak ohartarazi du "Espainiako Bankuaren inbasioa" dela izendapena, eta ez duela alde bozkatuko.

Escriva Gizarte Segurantzako ministro izan zen aurreko legegintzaldian, eta zenbait desadostasun eduki zituen Espainiako Bankuarekin eta orduko gobernadorearekin erakundeak pentsio sistema publikoaren iraunkortasunari eta beharrezko erreformei buruz argitaratutako ikerketen inguruan. Izan ere, proposatutako erreforma batzuk Gobernuak mahai gainean jarritakoen kontrakoak ziren.

Jose Luis Escrivak heziketa eta esperientzia profesional handia du makroekonomiaren eta finantzen arloan. Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna eta gradu ostekoak Analisi Ekonomikoan eta Ekonometrian, Europako Banku Zentralaren Moneta Politikako buru (1999-2004) eta Europako Moneta Institutuko aholkulari (1993-1999) izan zen, Sanchezekin Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro eta Eraldaketa Digitaleko ministro izan aurretik.

Espainiako Bankuan Moneta eta Finantza Ikerketa Departamentuko azpizuzendari izan zen, eta Moneta Ikerketa Taldeko buru izan zen.

Gainera, Europar Batasuneko Erakunde Fiskal Independenteen sareko presidente izan zen 2015etik 2019ra, eta Ardura Fiskalen Agintaritza Independentearen buru (2014-2020).