Itxi

LANA

LABek mobilizazioak egingo ditu 1.600 euroko gutxieneko soldata eta 30 orduko lan astea eskatzeko

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Euskal Herri osoan egingo duen kanpaina Bilbon amaituko da, abenduaren 12an, manifestazio handi bat eginda.

Igor Arroyo LABen koordinatzaile nagusia, kanpainaren aurkezpen ekitaldian. Argazkia: EFE

LABek iragarri du mobilizazio kanpaina bat abiatuko duela, hiru aldarrikapen nagusi hauek ardatz hartuta: gutxieneko soldata 1.600 eurokoa izatea, lan astea gehienez 30 ordukoa izatea eta zerbitzu publikoak indartzea.

Igor Arroyo sindikatuaren koordinatzaile nagusiak Bilbon emandako prentsaurrekoan eman du kanpainaren berri, eta hamaika mobilizazio egingo dituztela esan du. Kanpainari amaiera emateko, abenduaren 12an manifestazioa egingo dute Bilbon.

LABek Euskal Herri osoan egingo du kanpaina, eta gaur ekitaldi informatiboa egin du, Baionan.

Arroyoren arabera, talkarik gabe ez dago aldaketa sakonik, eta azpimarratu du borroka sozialak eta sindikalak jarri dituztela "agenda politikoaren erdigunean". Esate baterako, soldatekin, osasunarekin, hezkuntzarekin, zaintzarekin eta etxebizitzarekin lotutako gaiak erdiguneratu dira.

LAB gobernuei eta patronalari zuzenduko zaie kanpainaren bitartez, eta langileen aldeko neurriak "hemen" hartzea eskatuko die. Gobernuei leporatu die ez dutela arazoei irtenbidea emateko asmorik, ez dutelako "patronala deseroso" sentiarazi nahi. 

Hori horrela, diru-sarrera gehien dituztenen "pribilegio fiskalak" deuseztatzea eta Elkarteen gaineko Zerga handitzea eskatu du.

Arroyoren esanetan, LABek eskatzen dituen hiru neurriak "premiazkoak" dira, tartean gutxieneko soldata 1.600 eurora igotzea, sektore arteko negoziazio kolektiboaren bitartez.

Lan astea gehienez 30 ordukoa izatea eskatuko du, gainera. LABek uste du Espainiako Gobernuak 37,5 orduko lan asteari buruz zabaldu duen eztabaida "berandu" iritsi dela eta "labur" geratzen dela.

Kanpainaren hirugarren zutabea zerbitzu publikoak indartzea izango da eta, horretarako, baliabideak ugaritzea eta zaintzan, osasunean, etxebizitzan eta hezkuntzan pribatizatutako zerbitzuak publiko egitea aldarrikatuko du.