Itxi

Epaia

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langabeziarako eskubidea aitortu dio espetxean lan egin zuen preso bati

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

LAB sindikatuak jarritako helegitea aintzat hartu du, eta bertan behera utzi du aurrez Bilboko epaitegi batek emandako epaia. Dena den, epaia ez da irmoa.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Espetxean lan egin zuen preso bati langabeziarako eskubidea aitortu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, LAB sindikatuak gaur zabaldutako informazioaren arabera.

LABek ohar bidez jakinarazi duenez, presoak Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentziaren bidez urtebete baino gehiago lan egin zuen espetxean. Egindako lan horrengatik langabezian egoteagatiko dirulaguntza eskatu zuen hirugarren gradua eskuratutakoan, baina SEPEk (Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak) ukatu egin zion. Ondoren, Bilboko epaitegi batek erabakia babestu zuen.

Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du LABek jarritako helegitea, baina, edozein kasutan, epaia ez da irmoa. 

Sindikatuaren arabera, auzitegiak ordainpeko lana egiteko eta ondorioz Gizarte Segurantzaren onurak jasotzeko eskubidea aitortzen dio, inolako salbuespenik gabe.

Bestalde, LABek epaiaren balorazio "positiboa" egin du, presoen oinarrizko eskubideak aitortzeko bidean urratsa dela eta aurrekari izan daitekeela iritzita.