ABELTZAINTZA
Otsoari babes berezia kentzeko eskatu duela berretsi du Eusko Jaurlaritzak
agentziak | eitb media
UAGA Arabako Nekazarien Elkartea kexu agertu da erasoengatik, eta egiturazko neurriak eskatu ditu. Atzo bertan, UAGAren arabera, Kuartagoko herrigunetik gertu dagoen lursail hesitu batean, 28 ardi sasiardik osatutako artalde bateko zortzi ardi hil zituen otso batek eta beste 18 hilzorian utzi.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak berretsi du otsoa babes bereziko espezieen zerrendatik kentzeko eskatu diotela Espainiako Gobernuari.
Sailburua Amurrioko XXX. Artzain Egunean egon da, sektorea bultzatzeko ekimenean, eta artzain beteranoen omenaldian parte hartu du.
Gaur egun, bi otso talde daude EAEn: bata Bizkai mendebaldean eta bestea Araba eta Burgos arteko mugan. Karrantzan (Bizkaia), Urkabustaizen, Kuartangon eta Aiaran (Araba) izan dira eraso gehien.
Barredok elkartasuna adierazi die erasoak jasan dituzten artzainei, eta gogorarazi du duela egun batzuk Luis Planas Nekazaritza ministroari eskatu ziola otsoa Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendatik (gaztelaniaz LESPRE akronimoarekin ezagutzen dute) ateratzeko.
Era berean, 2023an Teresa Ribera ministroari antzeko eskaera batekin gutuna bidali ziotela jakinarazi du, baina ez zutela erantzunik jaso gaineratu du.
UAGA Arabako Nekazarien Elkartea kexu agertu da erasoengatik, eta egiturazko neurriak eskatu ditu otsoaren zabalkundea galarazteko.
Atzo bertan, UAGAren arabera, Kuartangoko herrigunetik gertu dagoen lursail hesitu batean, sasi ardi arrazako 28 ardiko artalde batek otso baten erasoa jasan zuen, eta 8 hil zituen eta 18 hilzorian utzi.
"Ba al dakizue pottokak, sasi ardiak, ahuntz azpigorriak edo behi terreñak otsoak baino gutxiago direla? Ez bazenekiten, orain badakizue", azaldu dute UAGAkoek.
Kritikatu duenez, azken hamarkadetan, mugimendu "sasiekologistek", landa eremuen eta hirien arteko urruntzeak elikatuta, abeltzaintza estentsiboaren eta otsoaren arteko "elkarbizitza faltsu" baten mezua zabaldu dute. "Gaur, egun askotan bezala, gure begiekin ikusten dugu ezinezkoa dela halakorik", ohartarazi du.
Sindikatuarentzat, gainera, Eusko Jaurlaritzak argitara emandako Otsoaren Kudeaketa Planaren zirriborroak ez du egoera konpontzen, eta otsoa lurralde osora zabaltzea ahalbidetzen du.