LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
Hekuntza Sailak LEP berri bat iragarri du ikasturte honetarako
EITB MEDIA
Hezkuntza sailburuak azaldu du egonkortze prozesuek "jarraipena" izan behar dutela, eta gogoratu du helburua behin-behinekotasuna % 8ra jaistea dela.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Lan Eskaintza Publiko (LEP) berri bat iragarri du ikasturte honetarako, zenbat plaza izango diren argitu ez badu ere. Azken urteotan abian jarritako egonkortze prozesuen bidez, abiatu berri den lan-urtean "5.000 plaza inguru" kontsolidatuko direla eta, pozik agertu da Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua.
Haren hitzetan, egonkortze prozesuek "jarraipena" izan behar dute, helburua delako "behin-behinekotasuna % 8ra jaistea". Hori dela eta, aurreikusita dauden jubilazioek hutsik utzitako lanpostuak esleitzen joateko asmoa azaldu du. "Egonkortzea geratzeko etorri da, eta lan egiten jarraitu behar dugu".
Onda Vasca irrati-katean egindako elkarrizketan, sailburuak jakinarazi du Hezkuntzako sindikatuekin irailaren hasieran bildu zela, "giro lasaian", aurreko legealdiko gaiei berriro heltzeko. Urrirako deituko duten Mahai Sektorialera begira, elkarlanerako jarrera "positiboa" ikusten du.
Sindikatuak, kritiko
Sindikatuek ez zuten Jaurlaritzak gaur iragarritako lan-eskaintzaren berri, eta oso kritiko agertu dira. Mahai Sektoriala lehenbailehen deitzea eskatu dute, eta eskaintzaren inguruko xehetasunak bertan emateko eskatu diote sailburuari.
Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Aritz Villar LABeko kideak azaldu du prentsaren bidez izan dutela LEParen berri, eta sailburuarekin izandako banakako hartu-emanetan ez zaiela horren inguruan ezer jakinarazi.
Erantsi duenez, joan den urteko uztailean LABek eta Hezkuntza Sailak akordioa izenpetu zuten, eta, besteak beste, behin-behinekotasuna % 5era jaistea adostu zuten. "Hezkuntza Sailak agindutakoa ez du beteko", esan du. Joan den ikasturtean deitutako mobilizazioetan aldarrikatutakoa ekarri du gogora, eta "birjartze-tasak hemen, eta ez Madrilen, erabakitzea" eskatu du.
Ildo beretik mintzatu da Nagore Iturrioz Steilas sindikatuko ordezkaria ere. "Deigarria iruditu zaigu komunikabide batean iragartzea LEPa, gurekin oraindik ezer partekatu gabe", salatu du.
Sailburuarekin izandako lehen batzarrean "lan-eskaintzaren inguruan zertzelada batzuk" bai, baina inolako zehaztapenik ez zaiela helarazi zehaztu du.
Horregatik, "Mahai Sektoriala lehenbailehen" deitzea eskatu du Iturriozek ere.