Itxi

GARRAIO PUBLIKOA

12 urtetik beherakoentzat garraio publikoa doan izatea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak iragarri du Bat, Barik eta Mugi garraio-txartelen elkarreragingarritasun prozesua urte honen amaierarako amaituta izatea espero dutela. "Garraio publiko integratu, unibertsal eta eskuragarriaren" aldeko apustua egin du Eusko Legebiltzarrean.

Susana Garcia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: Irekia

12 urtetik beherakoentzat garraio publikoa modu iraunkorrean doan izatea nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta proposamen hori eramango du Euskadiko Garraio Agintaritzaren batzordera. Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak iragarri du neurria, goizean, legealdi berrirako bere Sailak dituen ardatzak azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Orain arte, 6 urtetik beherakoek izan dute doan garraio publikoa.

"Klima-aldaketaren aurkako borrokari ekitea, garraio publikoa gehiago erabiliz", hori da sailburuak agertu duen helburu nagusia, bi lan-ildo hauen bidez: "batetik, Autonomia Erkidego osoan tarifa-eredu bateratua sortzea, progresibitatearen eta justizia sozialaren ildotik, eta, bestetik, trenbide eta tranbia garraioko azpiegiturak hobetzea eta zabaltzea, autoak eta kamioiak errepideetatik ateratzeko".

Lan-lerro horiek biltzen dituen Mugikortasun Jasangarriaren Plana hurrengo urteotan martxan jartzea da Jaurlaritzaren asmoa, eta, horretarako, udazkenean Legebiltzarrera igorriko du estrategia berria zehazten duen dokumentua, eztabaida abiatzeko. Trenbide sektoreari buruzko lege bat egitea ere aurreikusten da, azpiegitura horiek arautzeko.

Bestalde, sailburu sozialistak iragarri du Bat, Barik eta Mugi garraio-txartelen elkarreragingarritasun prozesua urte honen amaierarako amaituta izatea espero dutela. Arabako, Bizkaiko edota Gipuzkoako edozein garraiobide publikotan erabili ahal izango dira hiru txartelok.

Azaldu duenez, batetik, Mugi txartelaren deskontuak Bilbobusen eta Bizkaibusen garraiobideetara egokitzea falta da —hil honen amaierarako prest izatea aurreikusten da—, eta bestetik, Bat eta Barik txartelak ere Lurraldebusera egokitzea —2025erako espero da—.

Horrez gain, "lurralde bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta", deskontu sistema bateratua ezartzea dela helburua gehitu du Garciak.  Erabilera kopurua bakarrik ez, erabiltzaileen ezaugarri sozioekonomikoak kontuan hartuko dituen sistema proposatu du sailburuak. Erabileraren bidez, zerbitzua doakoa izatera ere iristea planteatzen du ereduak.

Sailburuak azaldu duenez, Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorial bat prestatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan azpiegitura horiek antolatzeko. Planak ehun bat ekintza jasotzen ditu, "azpiegitura berri bakoitza lurraldearen antolamendurako politika global baten barruan kokatzeko".