Itxi

Eusko Legebiltzarra

Eusko Jaurlaritzak 22,5 milioi bideratuko ditu legegintzaldi honetan Arabako Errioxako ardoa sustatzeko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak legegintzaldi honetarako dituen helburuak eta erronkak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean; besteak beste, lehen sektorean belaunaldi aldaketa bermatzea eta Mutriku, Ondarroa eta Bermeoko portuetan hobekuntzak egitea aipatu ditu.

La consejera de Alimentación, Desarrollo Rural, Agricultura y Pesca en el Parlamento Vasco. EFE

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 22,5 milioi euro bideratuko ditu legegintzaldi honetan Arabako Errioxako ardoa sustatzeko, sektoreak dituen "premiazko beharrei" erantzuteko.

Amaia Barredo sailburuak egin du iragarpena, sailak legealdi honetan dituen helburuak eta erronkak aurkezteko Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Besteak beste, lehen sektorean belaunaldi aldaketa bermatzea, Arabako Errioxako ardoa eta ekoizleak babestea, eta Mutrikun, Ondarroan eta Bermeoko portuetan hobekuntzak egitea.

Arabako Errioxako ardoari dagokionez, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzan oinarritutako "bide orria" proposatu du, besteak beste, kalitatea sustatzeko eta "diferentziazioa" eta posizionamendua hobetzeko. Horrez gain, komertzializazioan eta promozioan egiten diren ekintzak babestuko ditu Eusko Jaurlaritzak, azpimarra goranzko bidean dauden merkatuetan jarrita (AEB, Japonia, Mexiko, Suitza eta Erresuma Batua, kasu).

Barredo sailburuak "erabateko errespetua" erakutsi die Arabako Errioxan martxan jartzen diren ekimen profesionalei, baina aldi berean "batasunaren" garrantzia azpimarratu du. Halaber, ardo "ezberdinak eta bereziak" lortzeko apustua berretsi du.

Lehen sektoreari lotuta, belaunaldi aldaketa aipatu du legegintzaldiko helburu nagusi gisa. Hori lortzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak hainbat programa espezifiko jarriko ditu abian gazteengan nekazaritzarekiko eta abeltzaintzarekiko interesa pizteko, eta bere iritziz, sektorean oso zabalduta dagoen "biktimismoa" gainditzeko.

Bestalde, arrantza eta horri lotutako industria garai berrietara egokitu behar duela nabarmendu du Barredo sailburuak, eta erronka nagusien artean aipatu ditu deskarbonizazioa, prozesuen digitalizazioa, eta gazteen kontsumo ohitura berriak.

Azkenik, hobekuntzak iragarri ditu Mutriku, Ondarroan eta Bermeoko portuetan.