Etxebizitza
% 26 hipoteka gehiago sinatu dira uztailean EAEn, eta % 63 gehiago Nafarroan
EITB Media
Espainiako Estatuan ere goranzkoa da joera, iaz baino % 23,5 hipoteka gehiago sinatu baitira; 36.260, guztira.
Aurtengo uztailean iazko hilabete berean baino % 26,3 hipoteka gehiago sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 63,3 gehiago Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera. Gainera, Nafarroa da hazkunde handiena izan duen autonomia erkidegoa.
Guztira, 1.800 etxebizitza mailegu sinatu dira EAEn, eta 467 Nafarroan. Gainera, hipoteken batez besteko zenbatekoa 159.287 eurokoa izan da EAEn, eta 128.492 eurokoa, berriz, Nafarroan.
Espainiako Estatuan ere gora egin du sinatutako hipoteken kopuruak, % 23,5, hain zuzen ere, 36.260 euroraino. Gainera, hipoteken batez besteko zenbatekoa % 6,2 hazi da, 151.944 euroraino.
Batez besteko interes tasa % 3,17koa da, 2023ko ekainetik izandako txikiena, eta batez beste 25 urteko maileguak sinatu dira. Halaber, interes finkoko maileguak dira nagusi (hipoteka guztien % 59); interes aldakorreko hipotekak, berriz, % 41 izan dira.