Petrolioa eta burtsak
Petrolioa gorantz eta tentsioa burtsetan, Ekialde Hurbileko gatazka areagotzearen ondorio
EITB Media
Brent upela % 3 igotzen aritu da asteazkenean zehar eta 75 dolarrak gainditu ditu, baina azkenean 74 dolarreraino jaitsi da. Europako merkatuek lasaitasun handiko eta mugimendu leuneko eguna bizi izan dute. Ibex 35ek % 0,55 galdu du.
Ekialde Hurbileko gatazka indartzeak ziurgabetasuna zabaldu du mundu osoko merkatuetan. Israelek Libanon egin dituen mugimendu militarren eta Iranek Israelen egindako erasoen ondoren, petrolioaren salneurriak gorako bideari ekin dio.
Europan erreferentzia den Brent upela 75 dolarrean baino gehiagoan trukatu da asteazkenenean une askotan eta % 3tik gorako igoera izan du. Egunaren amaieran, ordea, upelaren prezioa 74 dolarrera jaitsi da. Era berean, AEBn erreferentzia duten West Texas Intermediateren 71,39 dolar ingurukoa izan da, % 2,23 gehiago.
Iranek Israelen aurkako erasoa egingo zuela zabaldu zenetik, petrolio gordinaren salneurria % 6 baino gehiago hazi da.
Ekialde Hurbilean gertatzen ari denaz gain, petrolioaren merkatuak OPEP+ erakundearen azken bileraren zain egon dira. Saudi Arabiak eta Errusiak gidatutako batzarrean, abenduaren 1etik aurrera petrolioaren eskaintza pixkanaka handitzen hasiko direla erabaki dute, eta, horrela, azken bi urteetan petrolioaren prezioa ziurtatzeko hartutako murrizketa handiak atzera botatzen hasiko dira. Aliantza osatzen duten 22 herrialdeek eguneko 180.000 upel gehiago ekoitziko dituzte.
Bitartean, Europako burtsak egoera geopolitikoari adi badaude ere, mugimendu arinak izan dituzte egunean zehar.
Merkatuaren itxieran, Ibex 35ek % 0,55 egin du behera, baina 11.600 puntuko mailari eutsi dio, Wall Streetek eguna igotzen hasi duelako eta horrek balio handien eta energiaren sektorearen atzerakada konpentsatu duelako.
Alemaniako, Italiako eta Portugaleko burtsek Madrilgo bide beretik jarraitu dute, eta Erresuma Batuak % 0,17 egin du gora.
Wall Streetek gora eginez hasi du jardunaldia (% 0,24), eta Tokioko burtsak, bere aldetik, % 2,18ko beherakadarekin itxi du asteazkeneko saioa.
Txinako burtsak itxita daude aste honetan, herrialdean Jai Nazionala ospatzen ari direlako.