Laneko bajak
Gizarte Segurantzak laneko bajak erreformatzea proposatu du, malguagoak izan daitezen
Agentziak | EITB
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak azaldu duenez, "betiere borondatez, eta osasunaren eta segurtasunaren" bermearekin, bajan dauden pertsonak lanera itzultzea aurreikusiko luke, kasu edo egoera zehatz batzuetan.
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak ostegun honetan aurreratu duenez, asmoa du lanerako aldi baterako ezgaitasunaren —laneko baja gisa ezagutzen denaren— araudia aldatzeko, kasu edo egoera konkretu batzuetan malguagoak izan daitezen, eta zenbait lanetara itzultzeko aukera emateko.
Gosari informatibo batean eman du asmoen berri ministroak, eta nabarmendu duenez, beti ere "borondatezkotasuna, eta osasunaren eta segurtasunaren bermearekin", bajan dauden zenbait pertsonak lanera itzultzeko aukera izango lukete.
Adibide batzuk jarri ditu Saizek, esaterako, minbiziaren kontrako tratamendua hartzen ari direnek egoeraren edo fasearen arabera lan egiteko aukera, edo lan bat baino gehiagotan dabiltzanak, agian lan baterako ez baina bestean aritzeko moduan egon daitekeenean.
Erreforma hau pentsioen eremuan egindakoekin alderatu du ministroak; pentsioen kasuan, lan-jarduera eta pentsioa bateratzeko aukerak zabaldu ziren.
"Malgutasun gehiago ematea, ez dadin izan bajan edo altan egotea", azaldu du Saizek, eta azpimarratu erreforma burutzeko lantalde bat sortuko dela elkarrizketa sozialaren aterkipean eta "adostasunetik" lan egiteko, aldi baterako ezgaitasuna errealitate berrira egokitzeko.
Hain zuzen ere, pentsioen akordioa lortu zenean, airean gelditu zen laneko bajen inguruko lantalde bat sortzearen egitasmoa, aldi baterako ezgaitasunaren eboluzioa eta prestazioak aztertzeko. Izan ere, Inklusio ministerioak esan duenez, gaia kezka iturri da bai eragile sozialentzat, baita Gobernuarentzat ere.
Iragarpenaren ostean, Carlos Bravo CCOOren Babes Sozial eta Politika Publikoen idazkariak saihestu egin du asmo horren inguruko iritzirik ematea, "ez baita oraindik mahai gainean jarri" eta, gaitzetsi egin du halako aldaketa bat iragartzeko erabili den modua.
Bravok azpimarratu duenez, bajak eta aldi bateko ezgaitasunak gero eta ohikoago eta ugariagoak dira, lan-merkatua zahartu egin delako, eta gogorarazi du osasungintzan behar baino gutxiago inbertitzeak ondorioak dituela, diagnostiko eta tratamenduak atzeratzea dakarrelako.
"Inork ez du bajan behar baino egun bakar bat gehiago egon behar, baina ezta egun bat gutxiago ere", nabarmendu du hedabideen aurrean.
"Zalantza asko sortzen zaizkit", esan du, ildo beretik, Cristina Estevez UGTren Erakunde- eta Lurralde-politiketako idazkariak ere.
Eztabaida hau iragarri den gisan iragartzearekin ere ez dator bat Estevez, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio elkarrizketa mahaira proposamen konkretu bat lehenbailehen eramateko.
"Gure kezka da langileek behar dituzten zainketa eta arreta jaso dezatela, behar dutenean", azpimarratu du.
Uatae langile autonomoen elkartea erreformaren aurka agertu da. Maria Jose Landaburu idazkari nagusiaren iritziz, "gaixo egoteagatik bajan egotearen eskubidea murriztea" ekar lezake erreformak.
"Eskubide horiek eskubide kontsolidatuak dira eta ezin ditugu galdu", esan du Landaburuk, eta gaineratu duenez, orokorrean, eskubideen zabaltzeak "nekez iristen dira autonomoengana, baina murrizketak pandemia bat bezain agudo hedatzen dira". "Ez dugu halakorik gerta dadin utziko", ziurtatu du.