Itxi

Ekonomia datuak

Ekonomia % 1,9 haziko da aurten Euskadin, eta % 2,1 datorren urtean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

2026ra arte atzeratu dute langabezia-tasa % 6,8ra jaisteko helburua. Zehazki, datorren urtean 15.000 lanpostu berri sortuko dira, eta, horrenbestez, langabezia-tasa % 7an kokatuko da.

Langile bat. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak bere azken aurreikuspenei eutsi die, eta horren kalkuluen arabera, 2024an % 1,9 haziko da ekonomia Euskadin, eta 2025ean, % 2,1.

Ostera, 2026ra arte atzeratu du langabezia-tasa % 6,8ra jaisteko helburua. Zehazki, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, datorren urtean 15.000 lanpostu berri sortuko dira, eta, horrenbestez, langabezia-tasa % 7an kokatuko da.

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eman ditu datu horiek gaur, Bilbon emandako prentsaurrekoan. 2024ko hirugarren hiruhilekoko ekonomia-txostena aurkeztu du bertan, eta 2024rako eta 2025erako hazkunde aurreikuspenak iragarri ditu.

Torresen hitzetan, BPGa % 1,9 haziko da 2024an, eta % 2,1, berriz, 2025ean, eta horrek erakusten duenez, "agertoki egonkor bat dugu".

Uztailean emandako datuetatik, baina, badira aldaketak enpleguari dagokionez. 16.000 lanpostu berri sortuko zirela aurreikusi zuten orduan, langabezia-tasa % 6,8raino jaitsita. Kalkulu berrien arabera, aldiz, lanaldi osoko 15.000 lanpostu berri sortuko dira 2024an.

Enpleguarekin lotutako gorabehera horiek, Torresen esanetan, Lanbiden izena eman duten pertsonen eraginez izan da. Horrek "helburuak zertxobait atzeratzea" ekarri du.

Datuen eboluzioa, halaber, Europako zenbait herrialderen "ahultasunarekin" lotu du, horrek euskal industrian eragina baitu.