Lan-istripua
29 urteko behargin bat oso larri zauritu da Funesen, makina batek besoa harrapatuta
Agentziak | EITB Media
Behargina Bodega Romana industrialdeko elikagai-enpresa batean ari zen lanean. Askatu ondoren, larrialdi zerbitzuek suspertzeko maniobrak egin dizkiote, eta, ondoren, helikopteroan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
Gizon bat oso larri zauritu da gaur Funesen (Nafarroa), Bodega Romana industrialdean dagoen elikagai-enpresa batean lanean ari zela, makina batek beso bat harrapatuta.
SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak 17:58an izan du ezbeharraren berri, eta Azkoiengo eta Cordovillako suhiltzaileak, Azkoiengo eta Rincon de Sotoko (Errioxa) medikuak, oinarrizko bizi-euskarria duen anbulantzia bat, helikoptero bat eta Foruzaingoa bertaratu dira.
Langilea, 29 urteko gizonezkoa, makina batean besoa harrapatuta zauritu da.
Besoa askatu ondoren, larrialdi zerbitzuek suspertzeko maniobrak egin dizkiote, eta, ondoren, helikopteroan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, oso larri.
Tafallako Polizia Judizialak eta Foruzaingoaren Polizia Zientifikoak ikerketa abiatu dute ezbeharra nola gertatu den argitzeko.